Irati Baztarrika

"Gasteizen ez gaude emakume tatuatzaile asko, baina gero eta gehiago gara"

Marta Sendiu 2022ko urt. 6a, 06:00

Irati Baztarrika, Gasteizko No Limits estudioko tatuatzailea. / Argazkia: LEIRE BAZTARRIKA

Inguruko lagunek kalean jolastu bitartean, marrazkiak egiten ematen zituen arratsaldeak Irati Baztarrikak, aitak piztutako zaletasunak bultzatuta; gaur egun, tatuajeen bitartez ematen dio irudimenari bidea, eta sare sozialetan laster zabaldu diren irudiek enkarguz bete dute Gasteizko No Limits estudioa.

Batxilergo artistikoa ikasi eta gero, sukaldaritza egin zuen Irati Baztarrikak (Gasteiz, 1994), ilustrazio eta tatuajearen mundutik aldenduta. Alemanian, Espainian eta beste hainbat tokitan ibili den tatuatzaile honek hankaz gora jarri du gaur egungo euskal tatuajearen panorama. Agenda ireki bezain laster, hitzorduz bete egiten zaio. Eta haren lanen garaikidetasunak eta fintasunak azaletan grabatu du arrakasta.

Bizitzan zehar zer nolako harremana izan duzu marrazki, ilustrazio zein tatuajeen munduarekin?

Egia esan, ez dut inoiz inolako formakuntza artistikorik jaso. Etxean Arte eta Ofizio Eskolako aita geneukan, eta haren erruz eman dugu ahizpak eta biok bizitza osoa marrazten. Txikiak ginenean, inguruko umeek kalean jolasten zuten bitartean, guk etxean ematen genituen orduak marrazkiak egiten. Nerabezaroarekin batera, nire alde artistikoa garatzeko nahia handituz joan zen, eta batxilergo artistikoa egitea erabaki nuen. Gutxi gorabehera ikasgaiak kontrolatzen nituen, baina ilustrazioen egituren eta, batez ere, proportzioen inguruan izugarri ikasi nuen. Horrez gain, ez dut marrazketa ikastarorik egin, dakidan guztia nire kabuz eta aitaren bitartez ikasitakoa da; beraz, nahiko autodidakta izan naiz.

"Ez dut nire burua pertsona sortzailetzat, sormena landu duen persona bat naizela uste dut"

Ez duzu horren inguruko ikasketarik egin?

Sukaldari lanetan ibili nintzen hiru urtez, atzerrian, eta Gasteizera itzuli nintzenean ilustrazioa ikasteko asmoa nuen. Betidanik nahiko argi izan dut marrazketarekin lotutako lan batean irudikatzen nuela nire etorkizuna. Arte Ederretako ate irekietara joan nintzen, baina eskaintzen zutena nire nahi eta beharrekin bat ez zetorrenez, lanean jarri nintzen. Autonomia propioa izan nahi nuen, munduan zehar bidaiatu eta plan ezberdinak egin. Horregatik sartu nintzen sukaldaritzan, askatasun hori ematen zidalako. Gainera, sukaldean ibiltzea betidanik izan dudan zaletasun bat da, izugarri gustuko dut.

Nola igaro zinen etxean orri zuri batean marrazkiak egitetik gorputzetan tatuatzera?

Urte batzuen buruan, Gasteizera itzuli nintzen ilustrazio ikasketak egiteko asmoarekin, baina lagun batekin joan nintzen No Limits tatuaje estudiora, eta Edu bertako tatuatzailearen lagun egin nintzen. Berak bazekien marrazten nuela eta gustuko nuela, beraz, ikastun bezala sartu nintzen. Estudiora joaten nintzen bertako langileek nola tatuatzen zuten ikustera, eta gutxinakagutxinaka ikusitakoa praktikan jartzen hasi nintzen. Noizbehinka, lagun boluntarioak konbentzitzen nituen nirekin tatuatzeko, eta estudioko kideen aholku eta gidekin batera azaletan margotzen hasi nintzen. Kontratatu ninduten, eta orduz geroztik han nabil lanean. Mugimendu asko duen estudioa izanik No Limits, etengabeko ikasketa eta formakuntza izan ditut.

Gaur egun, nortzuk zaudete No Limits estudioan lanean?

Edu, Pau, Maria eta laurok gaude. Kokapen estrategikoa duen lokala da, unibertsitaterako bidean dago eta jende mordoa pasatzen da egunero gure aurretik. Egiten ari garen lana gero eta aitorpen gehiago jasotzen ari da, eta gure estiloek erakarpen handia sortu dute. Zorionez, Foru kaleko beste lokal bat ireki dugu eta banatu egin gara, oso toki txikia zelako; ni lokal berrian nago. Gainera, tatuatzaile gonbidatuak etorri ohi dira, mundu honetan ohikoa denez. Ni, adibidez, hilabetean behin Iruñeko Aizkora estudiora joaten saiatzen naiz. Uste dut oso aberasgarria dela panoramarentzako. Gijon, Jerez, Burgos, Valentzia eta beste hainbat lekutan ere lanean egon naiz, eta etorkizun hurbil batean ditudan helmugak Bartzelona eta Burgos dira.

"Ez dut nahi jendeak tatuajeak nigatik egin nahi izatea, baizik eta nire lanarengatik"

Sare sozialen aroan bizi gara. Nola erabiltzen dituzu?

Instagramik gabe ez dut lanik, eta hori errealitate hutsa da, zoritxarrez. Jendeak sare sozialen bidez ikusten ditu zure lanak, eta hortik idazten dizute. Nik, noski, story-ak igotzen ditut egun edo aste horretako lanekin, post-ak publikatzen ditut amaitutako adibideekin… Saturazio puntu batera eramaten nau egunero horrela ibili beharrak, egia esan, ito egiten nau. Hori dela eta, gaur egun, kontu hauek kudeatzen laguntzen didan lagun bat dut, eta jarraibideak ematen dizkit errazago kudeatu ahal izateko. Emailekin ere laguntzen dit, bestela ezinezkoa litzateke agenda betetzea, mezuak erantzutea, diseinuak pentsatzea, horiek egitea eta tatuatzea.

Irati Baztarrika tatuatzailea, lanean; eskuinean, amaitutako lan baten emaitza.
Argazkiak: ERLANTZ MATA eta IRATI BAZTARRIKA

 

Horrek baldintzatzen al du zure lana?

Ez dut nahi jendeak nire tatuajeak nahi izatea naizen pertsonarengatik, baizik eta nire lanarengatik. Ulertzen dut konfiantza ematen duela lan bati aurpegia jartzeak, baina komentario ugari entzun ditut emakumeen kontra; batez ere itxura fisikoarengatik haien lana baldintzatzen dutenak: "Horrek ez du hain ondo tatuatzen, baina polita denez harengana joango naiz”. Ez dut sekula horregatik aukeratua izan nahi lan bat egiteko.

Nolakoa da bezeroekin duzun harremana?

Normalean, jendeak badaki zer motakoa den nire lana, beraz, buruan duten ideia proposatzen didate eta ni hori aurrera eramaten ahalegintzen naiz. Hasieran, nahi duten tatuajearen ideia azaltzen didate. Gero, ideia horrekin lotutako eredu edo jarraibide batzuk ematen dizkidate; kasu batzuetan, askatasun osoa ematen didate. Eta, bukatzeko, bezeroak emandako informazio guztia bildu eta diseinua egiten dut. Ahalegintzen naiz nire diseinu propioak egiten ere, baina egia da azken aldian ez dudala denbora askorik. Diseinu horiek ikusgai jartzen ditut, eta bezeroek aukeratzen dituzte. Batzuetan nahasketa bat egiteko eskatzen didate, hau da, irudi bat oinarri hartuta haien ideiara bideratzeko eskatzen didate.

"Instagramik gabe ez dut lanik; hori errealitate hutsa da, zoritxarrez"

Eta nolakoa izaten da diseinua sortzeko prozesua?

Normalean, tabletarekin egiten ditut diseinuak; asko gustatzen zait, erraza da niretzat, nahiz eta batzuetan aurretik paperean margotzen dudan. Lehenik eta behin, bezeroen erreferentziak baliatzen ditut ideia ulertzeko eta nire burua noranzko zehatz batean aktibatzeko. Ipad-a oso erosoa da, egia esan, edozein aldaketa egin nahi baduzu momentuan egin dezakezulako, diseinua osorik berregin gabe. Hamalau orduko paper gaineko lana, hiru ordutara murrizten da Ipad-ean, eta denbora aurreztea izugarri garrantzitsua da gure lanean.

Zein da erabiltzen duzun materiala?

Makina propioak ditut. Asko izan ditut, baina esan dezaket momentu honetan topatu ditudala gehien gustatzen zaizkidanak, eta oraintxe bertan bi dira gehien erabiltzen ditudanak. Inbertitu egin behar da, batez ere eroso sentitzeko eta azkarrago joateko. Eskuak asko nekatzen dira eta garrantzitsua da makina egokiak izatea, bai abiadura azkarragoa izateko, eta baita zauri gutxiago egiteko ere. Hasiera batean pilo bat frustatzen nintzen marra finak egiterako orduan, erabiltzen nuen makina ez zelako egokia. Makina aldatu bezain pronto, ohartu nintzen denbora galtzen egon nintzela. Hain zuzen ere, gaur egun jendea nigana dator lerroen fintasuna lortzen dudalako.

Zure ibilbidean presente izan dituzun erreferenteak zeintzuk dira?

Txikitan Magritte zen nire erreferente nagusia, bere margoak beti gustatu izan zaizkit. Horrez gain, nire aita beti izango da erreferente bat niretzako. Bisualari dagokionez, oso zorrotza izan naiz txikitatik, eta hori bere eraginagatik izan da, jasotako hezkuntza bisualak ikuspegi kritiko bat eman didalako. Tatuatzen ikasten nengoela, bestalde, Sara Kaltenhauser eta Suflana alemaniarrak nituen erreferente gisa; ez dakit kasualitatez izan den edo ez, baina gustatzen zaizkidan tatuatzaile gehienak emakumeak dira. Gasteizen ez gaude emakume tatuatzaile asko, baina gero eta gehiago gara.

"Estetika propioa jarraitzea gustatu arren, beste batzuk ere landu ditzaket"

Zenituen aurreikuspenak betetzen ari zarela uste duzu?

Hasiera hasieratik, lan honetan indarra eta konfiantza eman didana gauzak oso argi edukitzea izan da. Guztia nahiko definituta neukan, eta, noski, eboluzio bat izan dut lanean, baina beti amaitzen dut aldaketa guztiak nire eremura eramaten. Adibidez, nik beti marraztu izan dut, ez margotu. Zuri-beltz zalea naiz txikitatik. Hala ere, horrek ez du esan nahi noizbehinka tatuajeei kolore pixka bat sartzea gustatzen ez zaidanik. Estetika propioa jarraitzea gustatzen zait, ildo berdina jarraitzea, baina horrek ez du esan nahi beste estetika batzuk landu ezin ditudanik. Ez dut nire burua pertsona sortzailetzat, sormena landu duen persona bat naizela uste dut. Egia da orain askoz ere erraztasun gehiago dudala sortzeko, baina denbora tarte batez utziko banio diseinuak sortzeari, ziur nago bueltan izugarri kostatuko litzaidakeela.

Ondoren azalean tatuatzeko diseinuetako batzuk. / IRATI BAZTARRIKA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago