Gaurtik aurrera Gasteizek adinekoentzako beste bi osasun-parke izango ditu. Lehenengo parkea Sansomendiko Bizan zentroaren ondoan dago, eta bigarrena, Maximo Gisasola kalean, Txagorritxun; 19.000 euro inbertitu da horietan.
Aire zabaleko espazio horiek —ariketa fisikoa egiteko egokitutako makinez hornituak eta profesionalek dinamizatuak— pixkanaka joan dira hirian zabaltzen. Orain irekitako biekin, adinekoentzako 14 osasun-parke daude Bizan zentroen sarean. Urtarrilean beste bi gehituko zaizkie, Landazurikoa eta Aranbizkarrekoa. Une honetan kontratazio-prozesuan daude, eta 37.510 euroko aurrekontua dute. "Osasun-parkeak aukera paregabea dira aire zabalean sasoian jartzeko. Beti izan dute eskaera handia, baina pandemiaren hasieratik erreferente bihurtu dira gure hiriko adinekoentzat, ariketa fisikoa egiteko eta interes berberak dituzten pertsonekin harremanetan jartzeko espazio seguru bat bilatzen baitute", azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.
Erabilera handia
Iaz, 509 adinekok hartu zuten parte Bizan sareko osasun-parkeetako jardueretan. Espazio horietan antolatutako 200 saiotan baino gehiagotan erregulartasunez egin zuten ariketa, gorputz-hezkuntzako profesionalen laguntza eta orientabideekin. Parte-hartzaile gehienak emakumeak izan ziren, 438; gizonak, berriz, 71 izan ziren. Gainera, 266 pertsona beste jarduera osagarri batzuetara joan ziren, hala nola gorputz-hezkuntzari buruzko zazpi hitzaldietara.