Midnight Boogie Weekend, soul eta R&B musika onenaz gozatzeko hiru egun

Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 16:30
Bartzelonako The Excitements taldea azaroaren 27an arituko da. / VITAL FUNDAZIOA

Iritsi da: azaroaren 25ean, 26an eta 27an izango da aurtengo Midnight Boogie Weekend jaialdia. The Excitements, The Sweet Vandals, Broken Brothers Brass Band, Eunice eta Arima Soul izango dira The Garage aretoko oholtza gainean.

Soul, R&B eta arima beltzeko doinuen maitaleak zorteko daude. Izan ere, azaroaren 25etik 27ra bitartean bueltan izango dute Midnight Boogie Weekend jaialdia; aurten, gainera, bost urte beteko ditu.

Vital Fundazioak eta Midnight Boogie Kultura Elkarteak hainbat jarduera antolatu dituzte ostegunetik larunbatera: zuzeneko bost kontzertu, Nina Simoneren historiari buruzko Amazing Nina filmaren emanaldia, DJ saioak, eta haurrentzako jarduerak —ipuin-sorta baten aurkezpena eta musika tailerrak—.

Kontzertu guztietarako sarrerak salgai daude The Garage aretoaren webgunean, eta haurrentzako doako saioetan izena emateko aukera zabalik dago Vital Fundazioaren webgunean.

Nina Simone gogoan

Jeff J. Liebermanen Amazing Nina (2015) filmaren emanaldiarekin hasiko da aurtengo edizioa, ostegunean, azaroaren 25ean, 20:00etan San Anton plazako The Garage aretoan. Dokumentalak Nina Simone jazz, blues eta soul abeslari, musikagile eta piano jotzaile estatubatuar ospetsuaren historia kontatzen du.  Bere ikuspegi lotsagabeagatik eta askatasun beltzaren mugimenduan zein emakumeen eskubideen aldeko mugimenduan izan zuen aktibismo indartsuagatik maitatua bezain gorrotatua izan zen Simone. Pertsona zein artista ezagutzeko 50 elkarrizketa esklusibo eta intimo eskaintzen ditu lan honek.

Emanaldiaren ostean, Nina Simoneren omenezko kontzertua egingo da, Madrilgo soul eszenako musikari handien maitasunetik eta miresmenetik sortutako Eunice proiektuaren eskutik. Kontzertu honetarako sarrera doakoa izango da.

Arima Soul eta The Sweet Vandals

Bigarren jardunaldia ostiralean izango da, hilaren 26an, 20:30etik aurrera. Arima Soul zarauztarren txanda izango da, Mikel Makala DJ ospetsuaren (baxua) eta Lidia Insaustiren (ahotsa) proiektu berria, Paul San Martinekin (teklatuak) eta Hilario Rodeirorekin (bateria) batera. Taldeak 70eko hamarkadako rhythm & blues, soul, funk eta jazz groove estiloen eragin argia du, estilo horietako korronte garaikideenari (neo soulari) erreparatuta. Euskarazko letrak kantatzen dituzte, ingelesezko bertsioren bat tartekatuz. Taldeak bost abesti original eta 7" binilozko single bat dituen EP bat editatu du, Enlace Funk aldizkariak argitaratua.

Ondoren, 2005ean sortutako The Sweet Vandals talde madrildarra arituko da oholtza gainean. Berlingo Lovelite klub mitikoan jo ondoren, Unique Records diskoetxe alemaniar ospetsuarekin kontratua sinatu zuten, eta lau albumez, hamar bat singlez eta hainbat bildumaz osatutako ibilbide biziari ekin zioten. Europa mailan, Deep Funk mugimenduaren eta old school soularen itzuleraren erreferentzia bihurtu dira.

Amaitzeko, Constan Chao (Leon), Bea GB (Gasteiz) eta Isb Lester (Madril) disko jartzaileak arituko dira binilo-saioetan arituko dira.

Broken Brothers eta The Excitements

Larunbateko egitaraua egun osoan zehar luzatuko da. 12:30ean hasiko da Vital Fundazioa Kulturunean. Jaime Pantoja ilustratzaileak egingo du Dani Llabresek idatzitako Little Niño (Bang Ediciones) haurrentzako ipuin-sortaren aurkezpena. Egileak herri musikaren artista ospetsuenen unibertsoak ezagutaraziko ditu, besteak beste, The Beatles, The Rolling Stones, David Bowie, Aretha Franklin eta Elvis Presley.

Horrez gain, Little Niño descubre a Aretha Franklin izeneko ipuin kontalari musikala izango da; Jaime Pantoja kontalari gisa, Roi Fontoira gitarra jotzen (The Limboos) eta Nia Martin ahotsean. 17:30ean, Creative Soul musika eskolaren eskutik, 4 eta 6 urte bitarteko gaztetxoentzako musika hastapen tailer bat izango da.

20:30ean, Broken Brothers Brass Band taldearen txanda iritsiko da. 2006an Iruñean sortutako talde horrek brass band edo New Orleanseko kale-musika taldeen atzoko eta gaurko doinuak dakartza. Bost disko dituzte kalean, baita zuzeneko zein estudioko kolaborazioak ere hainbat talderekin, hala nola Berri Txarrak, Cabezafuego, Fermin Muguruza, Amparanoia, Javi Pez - Triz3ps, De2enBluesBand, Sustraian Records.

Ondoren, Bartzelonako The Excitements taldea arituko da, Keepin' on disko berria eta Kissia San abeslari berria aurkeztuz. 2010. urtearen hasieran, Adria Gualek eta Daniel Segurak sortu zuten taldea, ezustean harrapatutako entzuleria txundituta utziz. Joan den mendeko afro-amerikar musika onenaren eragina du taldeak eta, egungo soul-funk modak alde batera utzita, eskola zaharreko soul soinuak ditu ardatz. Penintsulako talde internazionalenetako bat da gaur egun.

Ondorengo festan, Constan Chao (Leon), Roberto Tortuga (Baiona), La Chica Tequila (Iruñea) eta Bea GB (Gasteiz) DJen binilo-saioak izango dira. Larunbateko saioaz gozatzeko sarrerak 20 euroko prezioa izango dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide