Arabako eta Lapurdiko hiriburuen ordezkaritzek hitzarmen bat sinatu dute gaur, hainbat alorretan lankidetzan aritzeko. Mugikortasun iraunkorra, arkitektura ondarearen zaintza, auzo zaharren birgaitzeak, hiri azpiegitura berdeak, euskara eta kultura; horietan guztietan elkarlana abiatuko dute bi hiriek, Gasteizko Udalak ohar batean jasotakoaren arabera.
Hitzarmena sinatu aurretik, bi erakundeetako ordezkariek bilera tekniko batean parte hartu dute. Bertan "mugikortasun iraunkorraren, azpiegitura berdeen eta ondare historikoaren arloko ekimenak" aztertu dituzte. Gasteizko Udalaren arabera, "argi geratu da etorkizunera begira antzeko erronkak dituztela bi hiriek". Bileraren ostean, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak eta Gorka Urtaranek hitzarmena sinatu dute herriko etxean.
Urtaranek "historikotzat" jo du akordioa. "Iragan eta orain komuna partekatzen ditugu, eta etorkizuna ere partekatu nahi genuke", adierazi du. Haren esanetan, hitzarmen horrek bi hiriak "sendotuko" ditu, eta baita "Euskal Herria bera ere".
Arratsaldean, hirian zehar ibilaldi bat egin du Gasteizko ordezkaritzak, hainbat proiektu aurrez aurre ezagutzeko. Besteak beste, Baiona eta Biarritz lotzen dituen BRT bus elektrikoa ezagutu dutela azpimarratu du udaleko komunikazio zerbitzuak, bus horrek "BEIren antzeko planteamendua" duela nabarmenduta. Horrez gain, Baionako arkitekturaren eta ondarearen interpretazio zentroa bisitatu dute, eta baita hirigune historikoa birgaitzeko hainbat lan ere.
Udalak aurreratu du datozen hilabeteetan espero dutela Baionako agintarien bueltako bisita Gasteizen. Ez dute zehaztu, ordea, hitzarmen horretako edukiak zertan gauzatuko diren.