Etenik ez duen indarkeria matxistaren ondoriozko beste atxiloketa bat egin du Gasteizko Udaltzaingoak, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Egunaren atarian. Oraingoan, 41 urteko gizonezko bat atxilotu dute, ustez bikotekideari eraso fisikoak egin izanaren delitua egotzita.
Atxiloketaren abiarazlea astelehen honetan Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean piztutako eztabaida bat izan zen. Ustez, gizonezkoak eraso fisikoa egin zion bikotekideari; eraso matxistaren berri izan ostean, udaltzainak iritsi zirenean, atarian topatu zuten gizona.
Biktimaren eta bere oihuak entzun zituen bizilagun baten testigantzak entzun ostean, Udaltzaingoak atxilo eraman zuen gizonezkoa. Astearte honetan utzi dute epailearen esku.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.