Joan den urriaren 29an, ELA sindikatuak McDonald's enpresaren Gamarrako lantokian egingo diren hauteskunde sindikalen berri eman zuen. Aurreabisua erregistratzearekin batera, lantoki horretako emakume lankideetako baten hautagaitza aurkeztu zuen.
Enpresaren erreakzioa handik bost egunetara iritsi zen: azaroaren 3an, ELA sindikatuko hautagaiak kaleratze gutun bat zeraman burofax bat jaso zuen. Sindikatuak salatu duenez, pertsona horrek ia hiru urtez lan egin du Gamarrako McDonald's-ean, denbora horretan "inolako zigorrik jaso gabe".
"Gure helburua zuei antolatzen laguntzea besterik ez da, zuzendaritzaren aurrean langileen ahotsa izango diren ordezkariak aukeratzetik hasita", azaldu die ELAk kaleratutako langilearen lankideei, ohar batean. "Hortik aurrera, zuzendaritzarekin harremanetan jarriko gara, zuen eguneroko kezkei irtenbidea emateko, hala nola, ordutegi aldaketa etengabeak, lan egutegirik eza, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasuna, ordu osagarrien tratamendua eta abar".
Errekurtso judiziala
"Zer beldur diote McDonald's-en ELA sindikatuari edo langileek ordezkaritza izatea nahi duen lankide bati?", galdetu dio ELAk enpresako zuzendaritzari. Gainera, sindikatuak iragarri du kaleratzea judizialki errekurrituko duela, kaleratutako langilea hautagai gisa mantenduko duela eta "lanpostuari eusteko borroka" egingo duela.
Hauteskunde sindikalen prozesua azaroaren 29an hasiko da, eta orduan zehaztuko da bozketa eguna, gehienez ere hamar eguneko epean. ELA sindikatuak plantillaren babesa eskatu du: "Legeak bermea ematen digu, eta hauteskunde sindikalen prozesuak aurrera jarraitzen du; hori dela eta, langileei eskatzen diegu haien babesa eman dezatela etorkizuneko ordezkariak aukeratzeko unea iristen denean".