Lau pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, etxebizitza batean kokaina saltzeagatik

Erredakzioa 2021ko aza. 15a, 18:30

21 gramo kokainaz gain, 36.850 euro konfiskatu ditu Udaltzaingoak. / GASTEIZKO UDALA

Udaltzaingoak 52 eta 28 urteko bi gizonezko atxilotu zituen ostiralean, droga trafikoko delituaren ustezko egileak izateagatik, Lakuako etxebizitza batean kokaina saltzeagatik. Beren bikotekideak ere atxilotu zituzten, ustezko laguntzaile gisa.

Irailean, Gasteizko Lakua auzoko etxebizitza batean droga saltzen ari zirela ohartarazi zuen informazioa jaso zuen Udaltzaingoaren Ikerketa Unitateak. Orduz geroztik, osasun publikoaren aurkako ustezko deliturik egon zitekeen ikertzen aritu dira; denbora horretan, besteak beste, zaintzak eta kontrolak egin dituzte udaltzainek.

Unitateko udaltzainek "pertsonen mugimendu handia" antzeman zuten etxebizitzatik gertu gelditzen ziren ibilgailuetan: "Ibilgailuetan zihoazenen eta komunitateko bizilagun baten arteko kontaktuak oso bizkorrak eta presazkoak izaten ziren", azaldu du Udaltzaingoak ohar batean. Gainera, mugimendu horiek "eguneko edozein unetan" gertatzen zirela ikusita, zaintza areagotu zuten.

Modu horretan, ikertutako pertsona kokaina trafikoaz arduratzen zela baieztatu zuten, baita senide batek merkantzia ematen ziola ere.

Bi gizonezkoak espetxera

Azkenik, ostiral goizean, Udaltzaingoak bi gizonezkoak atxilotu zituen, Gasteizko 4. instrukzio epaitegiarekin elkarlanean; baita haien bikotekideak ere —50 eta 32 urtekoak—, negoziorako ustezko laguntzaile gisa. Emakume gazteena, atxilotu aurretik eta beste pertsonak atxilotu egin zituztela susmatuta, etxean zuen droga suntsitzen saiatu zela antzeman zuten udaltzainek. Nolanahi ere, horietako batek substantzia gordeta zuten fardelak topatu ahal izan zituen.

Ondoren, Udaltzaingoaren Ikerketa Unitateak bi bikoteen etxebizitzak eta ibilgailuak erregistratu zituen, Ertzaintzaren Ertzainor Unitatearen laguntzarekin: ustezko saltzailearen etxean 21 gramo kokaina eta monodosiak prestatzeko hainbat elementu topatu zituzten. Horrez gain, bi etxebizitzetan 36.850 euro inguru aurkitu zituzten eskudirutan.

Epaileak bi gizonezkoak espetxeratzea agindu zuen; emakumezkoak, ordea, aske utzi zituen karguekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago