Gabonetan Mayumana, Donostiako Orfeoia, Juan Diego Botto eta Yllana izango dira Gasteizen

Erredakzioa 2021ko aza. 15a, 17:30

Mayumana konpainiaren 'Currents' ikuskizuna. / Argazkia: PLANETA FAMA PRODUCCIONES

Besteak beste, Mayumana, Donostiako Orfeoia, Juan Diego Botto, Alberto San Juan, Yllana, Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga izango dira Gasteizen, Udalaren Antzoki Sarearen Gabonetako programazioan.

Antzerkia, musika, dantza eta magia oinarri, hamalau ikuskizunez osatutako Gabonetako denboraldia aurkeztu du gaur Gasteizko Udalaren Antzoki Sareak. Abenduaren 3tik urtarrilaren 8ra bitartean Gasteizen izango diren artista eta konpainien artean, Mayumana dantza eta perkusio taldea, Yllana antzerki konpainia, Donostiako Orfeoia, Juan Diego Botto —2021eko Espainiako Antzerki Sari Nazionala jaso ondoren— nabarmentzen dira.

Horiez gain, euskarazko ikuskizunei dagokionez, Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga protagonista dituen Maitasunaren itxiera antzezlana Principal Antzokian aurkeztuko da abenduaren 9an.

Gainera, 2022an izango diren beste ikuskizun batzuk aurreratu ditu Estibaliz Canto Kultura zinegotziak: besteak beste, Kontzertu Handien Zikloa, XXI. Mendeko Flamenko Zikloa eta Les Luthiers konpainia argentinarra.

Gabonetako hitzorduetarako eta Les Luthiers konpainiaren ikuskizunerako sarreren salmenta azaroaren 25ean hasiko da, 10:00etatik aurrera; online salmentaz gain, leihatilaren eta 945 16 10 45 telefonoaren bitartez erosi ahal izango dira, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Mayumanaren ikuskizunaren kasuan, berriz, sarrerak azaroaren 16tik aurrera izango dira salgai. Kontzertu Handien Zikloari eta XXI. Mendeko Flamenko Zikloari dagokienez, abenduaren 14an eta 15ean hasiko da abonamenduen salmenta, eta abenduaren 16tik aurrera leihatilako ohiko ordutegian eskuratu ahal izango dira; sarrera solteak abenduaren 21ean jarriko dira salgai.

Hamalau hitzordu

Udalaren Antzoki Sareak urtarrilaren 8ra bitartean programatutako ikuskizun guztiak 19:30ean hasiko dira:

  • Abenduak 3, ostirala: Euskadiko Orkestraren abonamenduko laugarren kontzertua, Principal antzokian; Xostakovitx, Ginastera, Britten eta Gliere konpositoreen lanak joko dituzte, Robert Treviñoren gidaritzapean.
  • Abenduak 9, osteguna: Maitasunaren itxiera antzezlana, Principal Antzokian; Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga protagonista dituen maitasun harremanen erradiografia.
  • Abenduak 10, ostirala: No todo son pulgas umorezko antzezlana, Felix Petite antzokian; Yllana konpainiaren eskutik.
  • Abenduak 11, larunbata: Anfitrión de Plauto komedia, Principal Antzokian; Juan Carlos Rubioren zuzendaritzapean eta Pepon Nieto, Toni Acosta eta Fele Martinez aktoreekin.
  • Abenduak 15, asteazkena: Atalak Sarearen dantza laborategia, Felix Petite antzokian; Amaia Elizaran euskal koreografoaren eskutik.
  • Abenduak 16, osteguna: Una noche sin luna antzezlana, Principal Antzokian; Juan Diego Bottok oholtzaratuko du, 2021eko Espainiako Antzerki Sari Nazionala irabazi ostean.
  • Abenduak 17, larunbata: Lorca, New York en un poeta antzezlana, Alberto San Juanen eskutik, Jesus Ibañez de Matauko antzokian; aktoreak emanaldi bikoitza eskainiko du, gainera, antzerkiaren ostean bere bandarekin kontzertua emango du eta.
  • Abenduak 18, igandea: Bat dantza ikuskizuna, Dantzaz konpainiaren eskutik, Principal Antzokian. Migrazioei, identitateari edo mundu globalizatuan gizakiak bete beharreko lekuari buruz mintzatzen diren hiru lan biltzen ditu.
  • Abenduak 22, asteazkena: Udal Musika Bandaren abonamenduko hirugarren kontzertua, Luis Orduñaren zuzendaritzapean, Principal Antzokian. Maria Jose Belenguer eta Johan de Meijen lanak interpretatuko dituzte, eta, lehen aldiz, Txaikovskiren Pianorako 1. kontzertua.
  • Abenduak 26, igandea: Edgard Magoaren Sonrisas ikuskizuna aurkeztuko du Arabako Ilusionisten Elkarteak, Principal Antzokian.
  • Abenduak 27, astelehena: Carlos Nuñez gaita-jotzailearen kontzertua, Principal Antzokian, Aitzina Folk jaialdiaren barruan; A Irmandade das Estrelas bere lehen diskoaren 25. urteurrena ospatuko du.
  • Abenduak 29 eta 30, osteguna eta ostirala: Mayumana konpainia Gasteizera itzuliko da Currents bere azken lanarekin; perkusioz, dantzaz eta antzerki fisikoz beteriko hiru emanaldi izango dira Principal Antzokian.
  • Urtarrilak 4, asteartea: Euskal Herriko Gazte Orkestrak programa barrokoa interpretatuko du Principal Antzokian, Bach, Vivaldi, Corelli eta Piazzollaren obrekin, Lina Tur Bonet biolinistaren zuzendaritzapean.
  • Urtarrilak 8, larunbata: Donostiako Orfeoiak itxiko du denboraldia, opera abesbatzak eta zarzuelak osatutako egitarau ikusgarri batekin.

Programazio horrez gain, Principal Antzokira bisita gidatuak antolatuko ditu Udal Antzoki Sareak: urtarrilaren 9an euskaraz, eta urtarrilaren 29an eta 30ean gaztelaniaz.

2022an, askoz gehiago

Gabonetako programazioaren xehetasunak plazaratzeaz gain, Kultura Sailak 2022ko neguko denboraldiko hainbat hitzordu aurreratu ditu.

Alde batetik, Kontzertu Handien Zikloaren barruan, lau hitzordu izango dira Principal Antzokian: otsailaren 19an, Fernando Velasquezek Idoia Asurmendi eta Eñaut Elorrieta zuzenduko ditu, orkestra sinfonikoarekin batera, Neguko Disdirak lanean; apirilaren 4an, Jordi Savallek Todas las mañanas del mundo aurkeztuko du, Jean-Baptiste Lully & François Couperin, Sainte Colombe eta Marin Maraisen musika barrokoarekin; maiatzaren 27an, Carlos Mena kontratenorrak eta Zapico taldeak Yo Farinelli interpretatuko dute; eta ekainaren 1ean, Camerata Ireland orkestra irlandarrak itxiko du zikloa, Mozart eta Beethoveni eskainitako programarekin.

Bestalde, XXI. Mendeko Flamenko Zikloak bost emanaldi eskainiko ditu, Jesus Ibañez de Matauko antzokian: urtarrilaren 29an, Esperanza Fernandez; otsailaren 12an, Maria Terremoto; otsailaren 26an, Luis Moneo; martxoaren 12an, Perico El Pañero eta Jose Canela; eta martxoaren 26an, Pedro El granaíno.

Gainera, Argentinako Les Luthiers konpainiaren Viejos hazmerreíres ikuskisuna martxoaren 11tik 13ra izango da Principal Antzokian, pandemiaren ondorioz 2020an bertan behera geratu ostean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago