Miren Agur Meabe eta Aiora Jaka, euskarazko itzulpen onenengatik sarituak

Erredakzioa 2021ko aza. 12a, 13:30

Miren Agur Meabe eta Aiora Jaka. / Argazkiak: WIKIPEDIA

Haur eta gazte literaturako lanen euskarazko itzulpen onenak aintzatesteko Vitoria-Gasteiz Sariak lortu dituzte Miren Agur Meabek eta Aiora Jakak, Zirkulu gorrimina eta Onin eta sorginen sekretua liburuen itzulpenagatik, hurrenez hurren.

Gasteizko Udala, Euskara Zerbitzuaren bitartez, 2002. urtean hasi zen Vitoria-Gasteiz Sariak banatzen, haur eta gazte literaturako lanen euskarazko itzulpen onenak saritzeko.

Sarien hemezortzigarren edizioa Miren Agur Meabe —Cesar Mallorquiren El círculo escarlata liburuaren itzulpenagatik— eta Aiora Jaka —Ibon Martinen Onin y el secreto de las brujas liburuaren itzulpenagatik— itzultzaileek irabazi dute; gainera, aurreko edizioetan ere sarituak izandakoak dira biak. Bakoitzak 9.000 eskuratuko ditu, egindako lanaren aitortza gisa.

Guztira, hamasei lan aurkeztu dira aurten: hamar haur literaturaren kategorian eta beste sei gazte literaturaren kategorian. Karlos del Olmo Sernak, Aintzane Atela Gurrutxagak,  Ainara Ruiz Benitok, Miren Ibarluzea Santistebanek eta Karlos Zabala Oiartzabalek osatu dute epaimahaia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago