Astearte honetako 17:30ak aldera, segurtasun lanak egiten ari zen Udaltzaingoaren patruila batek bigarren ilaran aparkatuta zegoen ibilgailu batengana gerturatu zen, Gasteizko Zaramaga auzoko Legutioko Atean.
Autoaren barruan bi lagun zeuden; haietako bat, kopilotua, substantzia zuri bat zuen poltsa bat manipulatzen ari zela antzeman zuten udaltzainek. Polizia ikusi zuenean, poltsa botatzen saiatu zen, udaltzainetako batek hori ez egiteko eskatu zion arren.
Azaleko miaketan, udaltzainek 45 euro topatu zizkioten, hainbat billetetan banatuta. Gainera, handik gertu bizi zela egiaztatu zuten. Ibilgailua erregistratzean, hauts itxurako substantzia zuri bat topatu zuten plastiko zuri baten barruan, kopilotuaren tokian.
Gertatutakoa eta ebidentziak ikusita, ustezko droga trafikatzailea atxilotu zuten. Gaur goizean —asteazkena—, bere etxebizitza erregistratu dute udaltzainek, eta estupefazienteen hainbat substantziaren kantitate txikiak topatu dituzte bertan, baita haiek pisatu eta banatzeko tresnak ere. Berarekin batera zegoen beste gizonezkoak billete bakarra zeraman gainean, eta, Udaltzaingoaren lehen hipotesien arabera, kokaina erosteko asmoz iritsi zen bere autoan.