Arte komisariotza berri bat abiatzeko aukera sortu du ARTgia sorgune eta aretoak, Haizea Garcia de Baquedano Artearen Historia ikasle gaztearen eskutik. Lankidetza horren lehenbiziko urratsa Emakumeak emakumeei proiektua izango da, emakumearen perspektibari begirada gazte batetik bide eman nahi dion erakusketa.
Emakumeek beren burua nola islatzen duten erakutsi nahi dute Garcia de Baquedanok berak, Nerea Apodakak eta Julia Alvarezek. "Beraien ahotsa erabili barre egiteko, oihuka egiteko, hitz egiteko, xuxurlatzeko, pentsatzeko, erabakitzeko. Beren indarrak eta ahuleziak ikusteko ikuspegi zabalago baten bila ari dira", azaldu du ARTgiak. "Ez dira prototipo bat, aniztasuna dago emakumeen artean. Etiketak kendu, munduari diren bezala erakusteko. Bere ahotsa altxatzea, entzunak izateko".
Horretarako, hiru artista gazteek askotariko esparruak landu dituzte –eskultura eta argazkigintza, besteak beste–, eta elkarrekin konektatzea lortu dute, hausnarketa bat sortzeko asmoz: emakumea eta bere ahotsa, gai nagusi horretatik abiatuta zeharkako ikuspegi batez gozatzeko. Multzo osoak emakumearen kontzeptuari edo izate femeninoari buruzko bistaratze edo estetika anitzak erakusten ditu. Pentsamendu hori biltzea eta katalogo batean islatzea erabaki dute.
Hiru artista gazte
Haizea Garcia de Baquedano Perez (Gasteiz, 1998) EHUko Artearen Historiako graduko azken kurtsoko ikasleak, ikonologiari eta sinbologiari buruzko ikerketa lan baten ondoren, emakume latindarrak (ez zuriak) protagonista gisa dituen argazki multzo bat egin du.
Julia Alvarez (Gernika, 1999) EHUko Artearen Historiako ikaslea emakumeari eskainitako proiektu batekin –Biluzik– aritu zen lanean, eta duela gutxi Caos Studi ireki du. Oraingoan, naturaltasuna bilatu eta naturan bertan aurkitu du; ideia horrekin lotu du loreen sinbologia, elementu horien bidez emakumearen indarra irudikatzeko.
Nerea Apodaka (Laudio, 1992) Artean graduatu zen EHUn eta RUFAn, eta Arte Ikerketa eta Sorkuntzako Graduondoko Masterreko titulazioa lortu zuen EHUn. Ibilbide artistiko luzea du, eta erakusketak egin ditu Erroma, Santander, Madril, Gasteiz, Bilbo edo Bartzelona bezalako hirietan. Horrez gain, hainbat proiektutan parte hartu du; azkena, Kulturlab 01. Perla basatiak, abalorioak, buztin polimerikoa, oparitutako objektuak eta gereziondo-egurra bezalako objektuak erabiltzen ditu, artisautza eta arte garaikidearen arteko nahasketa diren "labana bitxiak" sortzeko. Erakusketa honetarako pieza horiek handitzea erabaki du, erabilgarriak izan daitezen eta gorputz izaten has daitezen.