Indarkeria matxistaren aurkako tresnak eta jarduerak, azaroaren 25aren karietara

Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 13:47

Kanpainaren irudia erreminta-kutxa bat da. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 25era begira, emakumeen aurkako indarkeriak antzemateko, prebenitzeko eta horiei aurre egiteko. Besteak beste, ikastaroak, hitzaldiak eta ikuskizunak programatu dituzte.

Hurbil dago azaroaren 25a, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna. Horren harira, Gasteizko Udaleko Berdintasun zerbitzuak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan, ahalduntze feminista areagotzeko eta emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko tresna egokiak eskaintzeko asmoz.

Horretarako, ikastaroak, hitzaldiak eta ikuskizunak antolatu ditu hilabete osoan zehar. "Emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten edo jasan ditzaketen indarkeria mota ezberdinak antzeman eta prebenitzeko eta horiei aurre egiteko baliabideak eskura ditzaten da helburua", nabarmendu du Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernandez de Landak.

Kanpainaren irudia erreminta-kutxa bat da, eta horren barruan emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin ahal izateko ezinbesteko tresna batzuk daude, hainbat objekturen bidez sinbolizatuta: detekzioa —betaurrekoak—, ahalduntzea —Jabetze Feministarako Eskolaren programazioa—, autodefentsa feminista —ukabilak— eta erantzuna —bozgorailua—. "Tresna horiek guztiak adin zein premia ezberdinetako emakumeei zuzenduta daude, haiek erabaki dezaten zein erreminta behar duten une bakoitzean. Horien artean emakumeen taldeek, indarkeria matxista gainditu duten emakumeen elkarteek eta talde feministek egiten duten lana nabarmendu beharra dago", azpimarratu du zinegotziak.

Berdintasun Zerbitzuko buru Mireia Espiauk gogora ekarri ditu, "unean uneko ekintza soil eta isolatuak gainditu nahirik", Genero Berdintasunerako IV. Planaren barruan abian jarritako egitasmoak eta programa estrategikoak: besteak beste, Emakumeen Jabekuntzarako Eskola, Emakumeen Etxea edota indarkeria matxista prebenitzeko gazteei zuzendutako Libre izan Nonahi programa.

Egitaraua

  • Azaroaren 11n, ostegunean, 18:30ean: Fabricando mujeres 2.0 dokumentalaren aurkezpena.
    Al Borde Filmsek SETEM Hego Haizearentzat egindako dokumentalaren bigarren zatiak kontsumo kapitalistan dauden indarkeria matxistak jorratzen ditu. Fabrikak bere mekanismoak modernizatu eta hobetu ditu; orain, energiaren, aplikazio mugikorren eta fikziozko telesailen bidez, gure etxeetan sartzea lortu du. Besteak beste, Lolita Chavez, Bob Pop eta Itziar Ituñori egindako elkarrizketen bidez, gure etxeetan indarkeria zenbateraino kontsumitzen dugun aztertuko dugu. Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da SETEM Hego Haizearekin.
  • Azaroaren 19an, ostiralean: Libre izan nonahi topaketa.
    Eta zu nola moldatzen zara? Ligoteo aske, errespetuzko eta arduratsuaren alde izenburupean, zenbait artista arabarren laguntzarekin, gazte gasteiztarrek helarazi dituzten ligatzeko modu aske eta begirunetsuez arituko dira. Lantegiak, musika emanaldiak, mahai-ingurua eta askoz gehiago, 12 eta 26 urte bitarteko pertsonentzat.
  • Azaroaren 20an eta 27an: Autodefentsa feminista tailerra 10 eta 13 urte bitarteko neskentzat.
    Sago Eskolako kide Ester Lopez Monge trebatzailearen eskutik, lantegi horretan, neskak neska izateagatik ezberdin tratatzen dituztenean nola sentitzen diren partekatuko dute: "Sentimendu horiez arituko gara, eta geure burua babesteko, zaintzeko eta maitatzeko nola defenda gaitezkeen pentsatuko dugu". Horretarako, ahalduntzea eta autoestimua landu, gorputzen inguruan hausnartu, biktima rola alboratu eta egoera arriskutsuei gure kabuz aurre egiteko sentimendua landuko da. Gainera, erasoetatik defendatzeko oinarrizko teknikak ikasi eta praktikan jarriko dira.
  • Azaroaren 23an, asteartean: Neska gezurtiak, emakume deserosoak. Sexu indarkeria haurtzaroan hitzaldia.
    Historiak, psikologiak eta poesiak elkarri eskua emango diote hausnarketa honetan, non bi emakumek, haien eskarmentutik abiatuta, haurtzaroko sexu indarkeriaren mekanismoak azaleratuko dituzten. Halaber, neskato gezurtiaren prototipoa emakume deseroso bihur daitekeela erakutsiko dute; izan ere, neskato gezurtiek agerian jartzen dute familia barruko indarkeriarekiko tolerantzia. Norma Vazquez psikologo feminista eta Susanna Minguell filosofo transfeminista arituko dira hizlari gisa; dinamizatzaile gisa, berriz, Miren Ortubay Fuentes Maria de Maeztu Forum Feministako kidea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago