Itaiak asanbladak eta hitzaldiak antolatu ditu azaroaren 25aren atarian

Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 12:36

2021ean zehar Gasteizen erregistratutako eraso matxisten aurkako kartela. / ITAIA

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Egunean, manifestazioa egingo du Gasteizko Itaiak, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki! lelopean. Aurretik, asanblada informatibo bat eta hitzaldi bat antolatu dituzte.

Egungo kultura progresista: emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa? Galdera horren inguruan hausnartzeko helburuarekin, Gasteizko Itaiak —mugimendu sozialistako emakumeen antolakundeak— hainbat ekimen antolatu du hilabetean zehar, azaroaren 25eko mobilizazioen aurretik.

Lehenengo hitzordua asanblada informatiboa eta pankartak egiteko auzolana izango da, azaroaren 10ean, asteazken honetan, 17:00etan Monseñor Estenaga kaleko Zentro Sozialistan. Ondoren, azaroaren 19an, datorren asteko ostiralean, hitzaldi bat egingo dute, 18:30ean Zentro Sozialistan bertan.

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Egunean, mugimendu feministak deitutako mobilizazio eta ekimenez gain, Gasteizko Itaiak manifestazio propioa antolatuko du, 18:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik.

"Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa"

Datu ofizialen arabera, Gasteizen gutxienez 57 eraso matxista erregistratu dira 2021ean zehar; horrez gain, bost hilketa matxista jazo dira Euskal Herrian: "Ikusi dezakegu nola biolentzia eguneroko ogia den emakume langileon bizitzetan. Gizarte hipersexualizatu honetan, badira eguneroko biolentzia legitimatzen eta emakume langileon aurkako indarkeria testuingurua errazten duten jarrerak. Honen aurrean, horrelako jokaerak seinalatu eta borrokatzea dagokigu, mekanismoak ipiniz gizarte komunista bat eraikitzera bidean", adierazi du Itaiak bere sare sozialetan.

"Berdintasunaren alde geroz eta jende gehiago posizionatzen bada ere, indarkeria kasuak igo dira, horien normalizazioari bide emanez. Argi ikusten da honi aurre egiteko existitzen diren mugak. Emakume langileon azpiratu izaera gainditu nahi badugu, beharrezkoa dugu bestelako gizarte eredu bat eraikitzea: indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki", gaineratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago