Aurrekontu partehartzaileak sustatzeko Gasteiz Hobetuz programaren bozketa astelehen honetan hasi da, eta azaroaren 28ra arte egongo da zabalik. Boto gehien jasotzen dituzten proposamenak —guztira hiru milioi euro bideratuko ditu Udalak— 2022ko eta 2023ko aurrekontuetan txertatuko dira.
Hirugarren edizio hau orain arteko arrakastatsuena izan da: herritarrek 315 proposamen aurkeztu dituzte; hau da, %85 gehiago, 2017an 203 proposamen eta 2018-2019an 170 aurkeztu baitziren. Ondoren, bideragarritasun iragazkia pasatu zuen Udalak, eta gelditu ziren 160 proposamenak 128 multzotan bildu zituen. Proiektu horiek —baita azalpen-bideoak ere, kasu batzuetan— dagoeneko kontsulta daitezke Udalaren webgunean eta albiste honen behekaldean.
Bozketa fasea irekita, Gasteizen erroldatutako 16 urtetik gorako herritar orok bozka dezake: online, Udalaren webgunean bertan, herritarren udal-txartela edo ziurtagiri digitalarekin identifikatuz; edo aurrez aurre, hitzordurik gabe, herritarrei laguntzeko bulegoetan —gizarte etxeetan, San Martingo bulego teknikoetan edo San Antonio kalean— eta Bizan Sareko zentroetan.
Horrez gain, azaroaren 16tik 28ra bitartean, Hobetuz Kalean gunea instalatu dute Loma Jeneralaren plazan, bozketak errazteko. Bestalde, informazio liburuxkak banatzen ari dira gizarte etxeetan eta beste udal espazio batzuetan. Gizarte etxeetan, gainera, informazio-kuboak izango dira: Azaroaren 8tik 14ra, Arriaga eta Judimendiko gizarte etxeetan; azaroaren 15etik 21era, Iparralde eta Hegoalde gizarte etxeetan; eta azaroaren 22tik 28ra, Salburuko eta Zabalganeko gizarte etxeetan.
"Herritarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte parte hartzeko bideak, eta Hobetuz programaren emaitza ikusi ahal izan dute aurreko edizioetan, herritarren 30 eskaera baino gehiago gauzatu baitira", nabarmendu du Herritarren Partaidetzarako zinegotzi Borja Rodriguezek.
MAPA
PROPOSAMENAK