Maila goreneko zirkua datozen egunetan iritsiko da Gasteizko erdialdera, azaroaren 18tik abenduaren 14ra bitartean. Rossi Show Time konpainiak Zulueta Jauregian jarriko du bere karpa, Senda Ibilbidearen parean; azpiegitura 30 metroko diametroa eta 800 pertsonarentzako edukiera duen karpa zuri handi bat da, segurtasun berme guztiekin eta indarrean dagoen araudira egokituta.
Izan ere, Cirque du Soleil, Circus Roncalli, Sidney Opera House edo Madison Square Garden bezalako proiektuetan 15 urteko ibilbidea duen Ricardo Rossik hiru urtez lan egin du Mystike Le Grande Cirque ikuskizuna prestatzen, zirkuaren eta antzerkiaren balio guztiak uztartuz. Horretarako, Cirque du Soleileko artistak, nazioarteko zirku jaialdietako irabazleak eta munduko talentu-show garrantzitsuenetako partaideak izan ditu bidelagun.
100 minutuko ikuskizunean diziplina anitzeko erakustaldiak ikusi ahal izango dira: besteak beste, water-bowl, eskailera librea, soka akrobatikoa, patinak, esekitokia, aireko uztaia, magia, dantza, itzal-jokoak, malabareak, akrobazioak eta umorea. Publiko guztiei zuzenduta, ikuskizunak magiaz beteriko giroa biziaraziko du giro antzeztuan.
Bukak eta Zozok gidatuko dute ikuslea Mystike-n barrena, mundu misteriotsua eta pertsonaia zein irudi harrigarriz beteriko errealitate alternatiboa. "Mystike nortasun propioa duen mundu zoragarria da", azaldu du ikuskizunaren zuzendari Ricardo Rossik. Ikuslea espazio misteriotsu eta inguratzaile batean murgiltzeko, jatorrizko soinu-bandak eta inoiz ikusi gabeko jantziak baliatu dituzte, besteak beste.
Egutegia
Funtzioak azaroaren 18tik abenduaren 14ra bitartean izango dira, honako ordutegiarekin:
- Ostegunak (ikuslearen eguna): 19:00etan, % 30eko deskontuarekin.
- Ostiralak: 19:00etan.
- Larunbatak eta igandeak: 16:30ean eta 19:00etan
- Abenduaren 6an, 7an eta 8an: 18:00etan
Sarrerak dagoeneko salgai daude cirquemystike.com webgunean.