Mariana Castillo Deballen 'Amarantus' erakusketa, Artiumen ikusgai

Erredakzioa 2021ko aza. 5a, 14:10

Mexikoko koloniaurreko historia aztertu eta birkodetzen du Castillo-Deballek. / ARTIUM

Azaroaren 5etik martxoaren 13ra bitartean, Artium Museoan bisitatu ahal izango da Amarantus, Mariana Castillo Deball artista mexikarraren azken hamarkadako lanak biltzen dituen erakusketa.

Artium Museoak Museum für Gegenwartskunst Siegen (Alemania) eta Arte Garaikideko Unibertsitate Museoarekin (Mexiko) lankidetzan aurkeztu berri duen Amarantus erakusketak Mariana Castillo Deball (Mexiko Hiria, 1975) artistaren hogei bat obra biltzen ditu, gehiak azken hamarkadan ekoitzitakoak: besteak beste, Para qué me diste las manos llenas de color / todo lo que toque se llenará de sol (2018), horma zilindriko baten gainean pigmentu naturalez egindako margolana; Nuremberg Map of Tenochtitlan (2013) instalazioa, zurezko oholez estalitako eremu zabal bat da, non artistak duela 500 urte kolonizatzaile espainiarrek egindako hiriburu aztekaren lehen mapa eskala handian erreproduzitzen duen; Pleasures of Association, and Poissons, such as Love (2017), banbuz eraikitako kiribil itxurako instalazioa, ornodunek 200 milioi urtez izan duten bilakaera erakusten duena.

Lan horietan, ezagutza eta kultura produzitzeko, irudikatzeko eta zabaltzeko moduengatik Castillo Deballek duen interesa ikus daiteke, eta, zehazki, Mexikoko koloniaurreko historiaz jabetzeko eta hura birkodetzeko prozesuez. Hasiera-hasieratik, ezagutza eta kultura sortzeko, irudikatzeko eta zabaltzeko moduak interesatu zaizkio artista mexikarrari, eta, ikusizko arteen, zientziaren eta fikzioaren artean zeharka lan eginez, Mexikoko historia aurrekoloniala une batzuetan eta besteetan nola ikertu, birkodetu eta erabili den aztertu du.

Bere estrategia formalak askotan arkeologoek beren aurkikuntzak "harrapatzeko" erabiltzen dituzten metodologien antzekoak dira. Objektu horiek, edo irudi suzedaneoak, antzinako ixiptla nahua noziora hurbiltzen dira kontzeptualki, "irudikapen, irudi, ordezko" gisa interpreta daitekeena, baina baita "azal" gisa ere. Kontzeptu hori ezinbestekoa da Castillo Deballen azken hamarkadako proiektu asko ulertzeko.

Bestalde, "amarantus" hitza, grezierazko "Αμάρανθος" hitzetik dator, eta inoiz hiltzen ez den lore bat izendatzen du. Amarantoaren loreak "objektu deseroso" horien iraunkortasuna gogorarazten du, Castillo Deball liluratzen duten bilakaera historiko gorabeheratsuen aztarna materialak.

Martxoaren 13ra arte izango da ikusgai Artium Museoko A2 aretoan. Erakusketaz gain, Catalina Lozano komisarioaren testuarekin liburu bat argitaratu du museoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago