Talde Guneko bi entsegu-aretoren alokairua diruz lagunduko du Udalak

Erredakzioa 2021ko aza. 5a, 11:42

Talde Gune 2010ean sortu zen eta musika taldeentzako 40 entsegu-areto ditu. / TALDE GUNE

Gasteizko Udalaren eta Talde Guneren arteko lankidetzari esker, musikari gasteiztarrek bi entsegu-areto prezio sinbolikoan erabiltzeko aukera izango dute. Deialdian parte hartzeko epea azaroaren 8an irekiko da.

Gasteizen musika sorkuntza sustatzeko asmoa berretsi dute Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailak eta Talde Gunek. Lankidetza hitzarmen berriari esker, hiriburuan erroldatutako musikariek diru laguntzak jaso ahal izango dituzte, beren lanak sortu, entseatu eta grabatzeko aretoak erabili ahal izateko.

Horretarako, Talde Gune enpresak bere lokaletako bi eskainiko ditu, deialdian aukeratutako musikariek prezio sinbolikoan eta 2022. urte osoan zehar erabiltzeko aukera izan dezaten.

Deialdian izena emateko epea datorren astelehenean, azaroaren 8an, irekiko da, eta interesdunek azaroaren 19ra arte izango dute aukera eskaera egiteko, Udalaren webguneren bitartez. Hilaren 30ean egingo da zozketa.

"Musikarekiko zaletasuna oso pizgarria da, eta entsegu-areto bat eduki ahal izatea ametsa da bertako artista gazte askorentzat. Hori dela eta, Udalak Talde Gunerako deialdia sustatu du berriro, eta musikarekiko kezka duten neska-mutil gasteiztarrak parte hartzera animatzen ditugu", adierazi du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak, Talde Guneren arduradun Aitor Ruiz de Arbulorekin batera egindako prentsaurrekoan.

Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Talde Guneren arduradun Aitor Ruiz de Arbulo.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago