Ehun emanaldi baino gehiago eskainiko ditu GazteFilm Fest jaialdiak

Erredakzioa 2021ko aza. 5a, 10:30

'Historias en movimiento' film laburren aukeraketaren fotograma bat. / VITAL FUNDAZIOA

GazteFilm Fest jaialdiaren bosgarren edizioak tailerrak eta haur zein gazteentzako zinema onenaren ehun emanaldi baino gehiago eskainiko ditu azaroaren 19tik 21era eta azaroaren 26tik 28ra.

Azaroaren azken bi asteburuetan izango da aurtengo GazteFilm Fest, Zinhezbak eta Kalakalabek antolatutako gazte eta umeentzako zinema jaialdia. Bosgarren edizio honetan, identitatea, kidetza, adiskidetasuna, aktibismo feminista, gazteen abortua eta zoriontasuna bezalako kontzeptuak jorratuko dira, munduko bazter guztietatik iritsitako filmen eskutik.

Mundu osotik jasotako 1.700 film labur eta luzeen artean hautatutako ehun emanaldi baino gehiago izango dira Vital Fundazioa Kulturunean, Artium Museoan, Zabalgana Gizarte Etxean, Montehermoso Kulturunean, Baratza Aretoan, Arabako Ikus-entzunezkoen Elkartearen egoitzan (SAMA) eta Satelite tabernan.

Azaroaren 19tik 21era bitarteko emanaldiak 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutakoak izango dira; eta 26tik 28ra bitartekoak, berriz, 12 urtetik gorako gazteentzat. Sarrerek 3 euroko prezioa izango dute eta www.gaztefilmfest.com webgunean erosi ahal izango dira, baita jaialdiaren egoitzan ere, emanaldi bakoitza hasi baino 30 minutu lehenago.

Jaialdia sei sail ofizialez eta hiru erakusketa atalez osatuta dago, eta publikoak bere botoekin erabakiko du bederatzi GazteFilm Fest sarien banaketa:

  • Umeentzako sail ofizialean (6 urtetik aurrera): LindaHambäcken Apstjärnan film luzea, adopzioaren gaia oso ikuspuntu harrigarritik jorratzen duena; Anne-Lise Koehleren eta Éric Serren Bonjour le monde!, animaliei eta haien berezitasunei buruzko fikziozko dokumentala; Susanne Finkenen Zu weit weg, adiskidetasunari buruzko film dibertigarria; eta, azkenik, Jonh Sheedyren H is for happiness, neska alai eta baikor batek munduan egoteko duen era berezia kontatzen duena.
  • Gazteentzako atalean (12 urtetik aurrera): Katerina Gornostairen Stop-Zemlia, protagonistak helduarora egiten duen bidaia pertsonalean barneratzen dena; Fanny Liatard eta Jérémy Trouilhen Gagarine, bere etxea eraispenetik defendatzeko Yuri gaztearen borroka; Camila saldrá esta noche, protagonistaren aktibismo feministaren iratzartzea jasotzen duen film argentinarra; eta Suzanne Lindonen Spring Blossom, lehenbiziko amodioei buruzko film luzea.
  • Bestalde, sail ofizialeko film laburren programek 30 lan gehiago dituzte aurten, adinaren araberako lau multzotan banatuta.
  • Halaber, talentu berriak deskubritzeko bi atal berezi ere izango dira: umeek egindako zinema eta, aurtengo nobedadea, gazteek egindako zinema, parte hartzaileek planetaren luze-zabalean zinemagintzan eman dituzten lehen urratsak ezagutzeko aukera emango duena.

Erakusketa atalak

Sail ofizialaz gain, GazteFilm Festek erakusketarako hainbat film eskaintzen ditu. Urtero bezala, 3 urtetik aurrerako neska-mutilentzako Txiki atalean, Inconfundibles izeneko film laburren programa bat eta El libro de Lila film luzea izango dira; azken film hori, ekoizpen kolonbiar-uruguaiarra, bere mundutik kanpo harrapatutako ipuineko pertsonaia bati buruzko animaziozko film maitagarria da. Erakusketa atala osatzeko, umeentzako saileko hainbat film izango dira ikusgai: Clémence Madeleine-Perdrillat eta Nathaniel H'limiren La vie de Chateau, anaitasunari eta maitasunari buruzko film labur zoragarria; eta Joann Sfarren Le petite vampire, munstro talde batekin bizi den banpiro txiki baten abenturak kontatzen dituena.

Gazteentzako sailean, Stefano Cipianiren Mio fratello rincorre i dinosauri italiarra ikusi ahal izango da, Europako Zinema Akademiako publiko gaztearen saria 2020an; protagonistak ez du onartzen bere anaiak Down sindromea izatea. Horrekin batera, Eliza Hitman zinegilearen Never, rarely, sometimes, always, gazteen abortuari buruzko film sendoa.

Zinema egiteko beste modu batzuk eskaintzen dituzten saio berezietan, honako hauek nabarmentzen dira: Dominique Jonarden Espirales hacia el futuro film labur multzoa, animazioen bidez Mexikoko haur indigenen iruditeria erakusten duena; Zinetika bideodantza jaialdiak proposatutako Historias en movimiento film laburren aukeraketa; edo Periferikoak, bitxikerien programa zaindua.

Musika

Bosgarren edizio honetan, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioaren laguntza izan dute berriz ere, oso proiektu berezi batean: GazteFilm Festek Bingen Mendizabal musikagile gasteiztarra gonbidatu zuen jatorrizko soinu-banda bat konposatzera, eta azaroaren 19an, 19:00etan, zine klasikoko emanaldi batean estreinatuko da.

Tailerrak

Emanaldiez gain, hainbat tailer ere eskainiko ditu GazteFilm Fest jaialdiak. Programazio tailerrean, jaialdiaren programazioa erabakiko duten ikastetxeek hartzen dute parte; bikoizketa tailerrean, jaialdian emango diren filmak bikoizteko lan egiten da, horietako batzuen kasuan zuzeneko bikoizketa saioak ere egiten dira.

Aurten, gainera, Mugatik Korrespondentzia izeneko tailer parte-hartzaile eta trukekoa egingo da, eta Mel Arranz artistarekin Gira biran, zine zinetikoa izeneko tailer irekia. Bertan, 9 eta 13 urte bitarteko haurrek film labur bat egingo dute jaialdiko egunetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago