Zientzia Astea 2021 zabalik da BiBat Museoan

Erredakzioa 2021ko aza. 4a, 16:23

Gasteizko BiBat museoan egingo da aurten Zientzia Astea. MIKEL MTZ.DETRESPUENTES/EHU

Azaroaren 4tik 7ra egingo da, eta 61 saio egingo dira, hainbat jarduerarekin, eta online eskaintza zabala publiko guztientzat.

EHUko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Zientzia Asteak euskal gizartea mundu zientifiko eta teknologikora erakartzea helburu duten jarduera ludiko eta pedagogikoz beteriko programa eskainiko du. Azken hilabeteetako egoera sozio-sanitarioaren bilakaera positiboak jardueren presentzialtasuna berreskuratzeko urratsak egitera bultzatu du, betiere zuhurtziari eutsiz. Edizio honetan, beraz, hiru lurralde historikoetako egoitzak berreskuratu ditu.

Araban, Gasteizen, Zientzia Astea Bibat Museoan izango da, azaroaren 4tik 7ra, eta 61 jarduera izango dira: hala, 48 tailer egingo dira, elikadura, eskuak garbitzea, fisika, magia eta kriminalistika bezalako gaietara hurbiltzeko. Gasteizko hiri-geografiari buruzko hitzaldi batean parte hartu ahal izango da, baita Arabako memoria historikoari buruzko mahai-inguru batean ere. Bost ibilbide didaktiko egingo dira Zadorrako ibai-paisaia eta San Pedro mendiko aztarna arkeologikoak ezagutzeko, besteak beste.

Aurrez aurreko jardueren eskaintzaz batera, online jarduera ugari eskaintzen dira publiko guztientzat. Edizio honetan, gainera, ikastetxeentzako online jarduerak programatu dira: 23 hitzaldi labur, Zientzia Zirkularra izenekoa, eta bi tailer, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat. Hitzaldi eta tailer horietan EHUko ikerlariek parte hartuko dute. Besteak beste, energia berriztagarriak, biofindegiak, plastikoak, material berriak, antibiotikoak, elikadura eta nutrizioa, kutsadura eta estatistika hurbilduko dizkie ikasleei.

Zientzia Asteko egitaraua osatzeko, Jon Kepa Eureka ikuskizun zientifikoaz gozatzeko aukera izango da, eta bi lehiaketa jarri dira abian: Argazkigintza Geologikoaren XIII. Lehiaketa eta Erretratu Alfabetiko-matematikoaren Lehiaketa. Gainera, Emakumeak Ozeanoen Ikerketan ginkana eskura dago une oro, emakumezko ikertzaileei buruz gehiago ikasteko. Bestetik, aurreko urteetako arrakasta ikusita, Zientzia Klubez gozatzeko aukera izango da aurten ere, gai eta bakarrizketari berriekin. Umorea eta zientzia dira Zientzia Klub formularen bi osagaiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago