Joxe Agustin Iriondo 'Txusta' zendu da

Erredakzioa 2021ko aza. 2a, 09:30

78 urterekin zendu da Joxe Agustin Iriondo ‘Txusta’.

78 urte zituela, astelehen honetan hil da Joxe Agustin Iriondo Txusta, Arabako bertso-mugimenduaren aita pontekoa, Gasteizko taskero mitikoa eta hamaika kausaren anfitrioi eta laguntzailea.

Joxe Agustin Iriondo Txusta (Mendaro, 1943) bost urte zituenean etorri zen Gasteizera, bere familiarekin. Hainbat urte beranduago, Mateo Benigno Moraza kaleko Txusta Taberna —edo, ofizialki, Kirolak taberna Gasteizko Bertso Eskolaren egoitza bihurtu zuen, Abel Enbeita bertsolariak hala eskatuta. Orduz geroztik, "Arabako bertso-mugimenduaren aita pontekoa" bihurtu zen, Manex Agirre bertsolariak gogoratu duenez.

Bertsolaritzaren tenplu eta poteorako ezinbesteko gune izateaz gain, beste gauza askorengatik erreferente bilakatu zen taberna hura, hainbat belaunalditan zehar. NAIZ hedabideak gogora ekarri duenez, esaterako, 1983an Hala Bedi Irratia sortu zuen gazte taldeak bilera ugari egin zituen bertan. Horrez gain, langabeen asanbladaren, sindikatuen edota grebalarien etxea ere izan zen.

Gasteizko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta euskal presoen aldeko lanagatik ere ezaguna izan zen Txusta, eta bera ere preso egon zen hainbatetan: 1968. urtean ia urtebetez, hasieran egun batzuk Bake kaleko espetxean eta ondoren Carabanchelgo kartzelan; beranduago, 1981ean, berriro atxilotu zuten eta Madrilgo Segurtasun Zuzendaritza Nagusira eraman zuten, eta bertan ikusi zuen Espainiako Poliziak eragindako torturen ondorioz hildako Joxe Arregi, lurrean zegoen koltxoi batean etzanda.

Zendu den arren, hainbat belaunaldik ahoan puru batekin gogoratuko dute betirako; barraren atzean edo bestaldean, irribarretsu, txantxetan edo hamaika kausaren alde elkarlanean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago