La Polla Recordsen kontzertua, abenduaren 17an eta 18an Iradier Arenan

Erredakzioa 2021ko urr. 29a, 14:00

Antolatzaileek datozen egunetan argituko dute kontzertua non izango den. / LAST TOUR

Bi data izango ditu La Polla Records taldearen Gasteizko kontzertuak: abenduaren 17an eta 18an izango da, Iradier Arenan. Aguraingoekin batera, El Drogas, Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Cerveza Suicida izango dira oholtza gainean.

Pandemiaren ondorioz, bi aldiz atzeratu dute La Polla Records talde aguraindarrak 40. urteurreneko biraren barruan Gasteizen eskaini beharreko kontzertua. Hasieran, 2020ko ekainaren 13an Mendizabalan egitekoa zen kontzertua atzeratu eta data berria iragarri zuten: 2021eko ekainaren 26a.

Ia urtebeteko isiltasunaren ostean, eta ustezko data berrirako bi aste falta zirenean, kontzerturako sarrerak zituzten lagunek antolatzaileen email bat jaso zuten ekainaren 10ean: data berria 2021eko abenduaren 18a izan behar zen. Edukiera handiko ekitaldiak egiteari buruzko araudia zein izango zen jakin bitartean, Last Tour isilik egon da azken hilabeteetan.

Gaur bertan, urriaren 29an, email berri bat bidali dute, kontzerturako bi data eta lekua iragarriz: azkenean, Iradier Arenan izango da, abenduaren 17an (ostirala) eta 18an (larunbata). Kontzertua formatu eta esparru berrira egokituta, La Polla Recordsekin batera honako talde hauek arituko dira: El Drogas, Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Cerveza Suicida.

Sarrerak

Antolatzaileek mezuan azaldu dutenez, erositako sarrera guztiek hitzordu berrirako balio dute, eta sarrera duten lagunek data horietako bat aukeratu beharko dute azaroaren 12a baino lehen. Gainera, azaroaren 15etik aurrera, sarrera gehiago jarriko dituzte salgai.

Gasteizko kontzertuaren ostean, azken emanaldi bat programatuta dute: abenduaren 30ean Madrilen, Wizink Center aretoan.

La Polla Recordsen agurra

Hamasei urtez jarduerarik gabe egon ondoren, La Polla Records berriro elkartu zen 2019an, Ni descanso ni paz izeneko disko berria argitaratu eta mundu osoan zehar hainbat kontzertu jendetsu eskaintzeko: besteak beste, Valentzia, Madril, Bilbo, Bartzelona, Buenos Aires, Lima, Santiago (Txile) eta Montevideon izan dira azken urte hauetan. Gasteizko kontzertua ikusmin handiena piztu duen kontzertuetako bat da, Araba taldearen sorterria delako eta taldearen agurra izango delako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago