Pandemiaren garai ilunenak atzean utzita, ikasturte berriarekin batera, irailean berriro programatzeari ekin zion Orbain Kultur Elkarteak. Gainera, azken bi hilabeteetan martxa hartu eta gero, bere lehen Gau Beltza ospatuko du igande honetan, urriaren 31. "Kalabazaren bidea" Bruno Villareal kaleko lokaleraino jarraitzeko gonbita egin dute, eta 19:00etatik aurrera, Nando Fausto eta Rufo Old Tower Stuff DJek girotuko dute punk-rockaren Gasteizko tenplua.
Izan ere, Orbainek azpimarratu du Arimen Gaua edo Gau Beltza ez dela soilik "asmakizun iparramerikarra, Santu Guztien Egunaren bezperan Euskal Herriko herri eta landa eremuetan oso zabalduta baitzegoen antzeko ohitura bat". Iker Zubia Orbaineko presidenteak azaldu duenez, ohitura hori berreskuratzeko "aletxoa" jarri nahi dute, "gero eta pertsona eta kultur eragile gehiagok" ekimenarekin bat egiten dutela azpimarratuz.
Azaroan, bost hitzordu
Bestalde, azarorako bost kultur jarduera antolatu ditu Orbain Kultur Elkarteak; horien artean, Ellas son eléctricas dokumentalaren aurkezpena nabarmendu dute. Hitzordua azaroaren 6an, larunbatean, izango da, 19:00etan.
"Gasteizera ekartzea gehien kostatu dena" baita. 80. eta 90. hamarkadetan Rock Gogorraren zein Heavy Metalaren aitzindari izandako emakumeak omentzen ditu Leo Cebrian eta Paco Manjon zuzendari madrildarren ikus-entzunezkoak. Besteak beste, Pleyade talde gasteiztarreko kideak edo Marilu abeslari bilbotarra agertzen dira lanean.
Azaroaren 13an, 20:00etan, Tudetuz taldearen disko berriaren aurkezpena izango da; eta azaroaren 20an, 19:30ean, The Birra's Terror taldeak Cuestión de Fake disko berria aurkeztuko du. Oraingoz ez dituzte beste bi jarduerak iragarri, baina laster informazio gehiago eskainiko dute.