'Ustiaketa bikaina', Txaro Arrazolaren pasaia sozialen erakusketa Artiumen

Erredakzioa 2021ko urr. 29a, 12:14
'Buschwick', Txaro Arrazola (1995)

Urriaren 29tik martxoaren 13ra bitartean, Artium Museoan ikusgai izango da Txaro Arrazolaren Ustiaketa bikaina erakusketa, artistak 90. hamarkadan hasitako Paisajes sociales saileko margolan sorta zabala.

Artium Museoaren A1 aretoan ikusi ahal izango da Txaro Arrazolaren Ustiaketa bikaina erakusketa, martxoaren 13ra bitartean. Artistak 90. hamarkadaz geroztik garatutako Paisajes sociales saileko margolanen sorta zabala bildu da erakusketa honetan. Bertan, giza ekintzak, zuzenean ala zeharka, planetan eta pertsonengan dituen ondorio suntsitzaileak irudikatzen dituzten agertokiak margotzen ditu Arrazolak.

Xabier Arakistainek komisariatu duen erakusketak hasierako garai hartako beste pieza batzuk, marrazkiak, argazkiak eta Salbaziorako Armadaren dendetan erositako arropekin egindako patchwork-ak eskaintzen ditu, besteak beste. Erakusketaren harira, gainera, liburu bat argitaratu du Artium Museoak, Arakistainen eta Rocio de la Villaren testuekin.

"Paradoxikoa da zinez gaztelaniaz 'explotar' hitzak hiru adiera izatea: lurreko aberastasunak erauztea, norberaren onurarako beste pertsona baten lana edo ezaugarriak gehiegikeriaz erabiltzea, eta lehertzea, eztanda egitea", hausnartu du Arrazolak. Erakusketaren izenburuak aditzaren hiru adiera horiekin jolasten du, eta haien arteko loturak proposatzen ditu, haietatik abiatuta, paisaia garaikidearen ideiara hurbiltzeko.

Paisaia sozialak

1993an, Txaro Arrazolak New Yorkeko Bushwick auzo hondatuko fabrika zahar batean zuen estudioko leihotik ikusten zuen paisaiaren lehen marrazkiak egin zituen. Ondoren, zuzeneko marrazkien ordez, egunkari eta aldizkarietatik hartutako irudiak erabiltzen hasi zen bere margolanen erreferente gisa: "Gaurkotasun laburretik ateratzeak, egunkarien egunerokotasuna gainditu eta tresna artistiko bihurtzeak, haien denbora zabaltzen du, baina, batez ere, izugarri hedatzen du haien funtzionaltasuna".

Lekualdaketa horren bidez, Arrazolak munduko hainbat gunetako paisaia garaikide gogoetagarriak sortu ditu, gizakiaren zuzeneko edo zeharkako ekintzak eragindako era guztietako kalteak erakutsiz: muturreko pobrezia egoerak erakusten dituzten paisaiak, favelak, gerrako errefuxiatuen kanpamenduak edo arrazoi klimatiko edo ekonomikoengatik migratu dutenenak.

Oso kolore gutxiko margolanak dira, ilunak edo beltz-beltzak, zorigaiztoko mundu bat deskribatzen dutenak, non inoiz ez baita pertsonarik agertzen. Hurbiltasunaren ideia azpimarratzeko eta lanak mihisearen mugetatik harago hedatzen diren sentipena ez eteteko, margolanei ez zaie markorik jarri. Lehen ere ez zitzaien jartzen. Tamalez, gaur egun, duela 30 urte bezala, lanek erabateko gaurkotasun dute. Txaro Arrazolaren "paisaia sozialek" eguneroko paisaia ezagunegiak izaten jarraitzen dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide