Datorren astelehenean, azaroaren 1ean, Joseba Galarraga preso ohiak espetxean egindako artelanen bilduma inauguratuko dute Etxerat eta Sare Herritarraren Gasteizko egoitzan —Errota auzoko Kutxa plazako 7. zenbakian—. 19:00etan izango da inaugurazioa, pikoteo batekin lagunduta.
Horren ostean, erakusketa azaroan eta abenduan zehar bisitatu ahal izango da, honako ordutegian: astelehenetan 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara; astearteetan 10.00etatik 13.00etara; asteazkenetan 10.00etatik 13.00etara; ostegunetan, 17.00etatik 20.00etara; eta ostiraletan, 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara.
Erakusketa honekin, bi hilabetean behin erakusketa bat antolatzeko dinamikari ekingo dio Etxerat Elkarteak. Euskal presoen senide eta lagunen elkartearen asmoa preso egondako zein hurbileko artistak gonbidatzea izango da. Horrekin batera, "errealitate ezberdinak, egoitza eta bertan egiten den lana hurbilagotik ezagutaraztea, bide batez, artearen bitartez, Euskal Herrian oraindik ere bizi den salbuespen egoeraren berri ematea", azaldu dute.
Espetxea, artea, elkartasuna
"Erakusketa txiki hau nire historiaren zati bat da", azaldu du artistak berak. Margoak Espainiako Estatuko espetxeetan zehar preso egon zenean egindakoak dira; horietako gehienak Villanublako kartzelan (Valladolid). Horietako batzuk, eta erakusketan ez dauden beste batzuk ere, Ataramiñe euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoetan agertu izan dira.
"Gogoan dut ikasketak egiteko asmoa izan nuela, baina aplikatzen ziguten erregimen berezia zela eta, ideia alboratu behar izan nuela", gogoratu du Galarragak. Orduan eskulanak egiteko aukera suertatu zitzaion: zeramika, egurra landu, hariak eta abar. "Onartu behar dut trebea nintzela horiekin... harik eta egun batean erabiltzeko eskubidea galdu nuen arte"; izan ere, eskulanak egiteko aukera ukatu zioten.
Egoera horretan, "Euskal Herriko pertsona bati esker" eta bere laguntzarekin, akuarelan margotzera animatu zen: "Bizi genuen erregimen berezi horretan, espetxezainek erregimen berezia ezartzen ziguten, eta askotan, miaketak egiteko aitzakiarekin, zortzi metro koadroko ziega hankaz gora uzten ziguten; halakoak bizi izan arren, oroitzean irriño bihurri txiki bat agertzen zait, margotzen nuen bakoitzean, libre sentitzen bainintzen".
Erakusketa hiru bloketan banatu du Galarragak: lehen zatia, Ipar Euskal Herriko Mattin Partarrieu margolariaren lanetan oinarritutako margoak dira; bigarren zatia, aldiz, "naturarekin, loreekin, basoekin, itsasoarekin, arrantzaleekin, nire herriarekin..." lotuta dago; eta, azkenik, hirugarrenak "Euskal Herriaren independentziaren alde egiten ditugun errebindikazio eta borrokekin" du zerikusia.
Azken zati horretan, "borrokan erori ziren lagunak modu hunkigarrian" gogoratzen ditu Galarragak, baita maitasuna helarazi ere. "Muga eta barroteen gainetik, beti jaso izan dut Euskal Herriaren elkartasuna, eta lerro hauek preso, iheslari eta deportatuak jarraitzen duten nire kideen senideei elkartasuna adierazteko erabili nahiko nituzke", adierazi du. "Ezinbestekoa da borrokatzen jarraitzea, gure artean eta bizirik etxera ekarri arte".