Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, datorren igandean Martin Fiz Maratoiaren 18. edizioa egingo dute Gasteizen. Cervantes ibilbidean hasiko da kirol proba, 08:30ean, eta hiru distantziako probez osatuta egongo da: maratoia, maratoi erdia eta hamar kilometrokoa.
Ohi bezala, udaletxean aurkeztu dute ekitaldia. Alkatearekin batera egon dira Martin Fiz bera eta beste hainbat arduradun. Gorka Urtaranek maratoiaren garrantzia azpimarratu du, eta pozik azaldu da herri lasterketak eta kirol ekitaldiak berreskuratzen ari direlako. Horiek "hiriaren DNAren parte" direlakoan dago alkatea, eta "albiste on" hauen guztien gailurrean jarri du lasterketa hau. "Atletismoaren proba nagusiarekin kirola berreskuratzea da Gasteizko bizitza soziala eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeko modurik onena", erantsi du.
Alkateak berak eta gainerako parte hartzaileek jaso dute maratoiaren elastikoa Martin Fizen eskutik. Honek babesle eta kolaboratzaileen lana eskertu du, eta baieztatu du Elena Loyo zuiarrak parte hartuko duela, maratoi erdiko modalitatean.
Dortsalak eta gainerako osagarriak ostiralean eta larunbatean jaso ahalko dira, Boulevarrean, 10:00-14:00 eta 16:00-20:00 ordutegian.