Jose Uruñuela dantza kontserbatorioko karrera-amaierako ikasleek dantza arloko izar nagusiekin batera aritzeko ohorea izango dute Mugarik Gabeko Artea jaialdian. Errusiako San Petersburgon izango dira gasteiztarrak, urriaren 31tik azaroaren 3ra bitartean. Ainhoa Arenazak zuzendutako kontserbatorioko dantzariak Stars of St. Petersburg galan arituko dira, ohorezko gonbidatu gisa; hau da, jaialdiaren amaierako galan, azaroaren 1ean, Alexandrinsky antzokian, Errusiako antzokirik zaharrenean.
Ekitaldian Errusiako federazioko artista popularrek eta ohorezkoek, nazioarteko lehiaketetako irabazleek eta munduko ballet izarrek hartuko dute parte; besteak beste, Yulia Makhalina, Farukh Ruzimatov, eta Denis Matvienko dantzariek. Horietaz gain, bere trebezia erakutsiko dute Mariinsky eta Mikhailovsky antzokietako izar eta solistek, horien artean, Andrei Ermakov, Olesya Novikova, Anastasia Matvienko, Renata Shakirova, Alexandra Iosifienko Ekaterina Borchenko, Ivan Zaitsev, Irina Perren, Marat Shemiunov eta Ernest Latypov dantzariek. "Aukera hau aberasgarria eta interesgarria da gure ikasleentzat. Balletaren tradizioak zaintzeko atala, izan ere gazteek dantzako izarrekin batera eszenatokian aritzean bertatik bertara egiten da esperientziaren transferentzia", adierazi du kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenazak.
Mugarik Gabeko Artea 2012tik hainbat herrialdetan ezarritako proiektu soziokulturala da. San Petersburgon bakarlari eta talde sortzaileen emanaldi tematikoak izaten dira, baita proiektuan parte hartzen duten Europako lurraldeetakoenak ere. Ekitaldi guztien helburua da kultur tradizioak zaindu eta hobetzea, eta kultura, artea, dantza eta adiskidetasuna sustatzea herrien artean.