Gaurtik aurrera eta azaroaren 18ra bitartean, Maite Unzurrunzaga (Zarautz, 1946) margolari eta arkitekto gipuzkoarraren Harkaitza protagonista erakusketa ikusgai izango da Posta kaleko Vital Fundazioa erakusketa-zentroan; asteartetik larunbatera, 18:00etatik 20:30era, eta igande zein jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
Paisaia naturalak islatzen ditu, eta horietan, kanpoko itxura baino zerbait gehiago bilatzen du, formen arteko espazioa atzematen eta leku bakoitzak gogora ekartzen dion misterioa transmititzen saiatzen baita.
Unzurrunzagaren koadroetan, testurekiko eta argiekiko sentsibilitatea ikusten da. "Argiaren azpiko bolumenen joko jakintsua, zuzena eta bikaina", Le Corbusieren esanetan. Bere akuarelak azken urteotan bisitatu dituen tokiei arretaz begiratzetik sortu dira, hala nola Grezia, Erroma eta Israel, baita bere lurra ere, bere obran inoiz falta ez dena.
Horietan guztietan erakusketarako hari gidari bat aurki daiteke: harkaitza, paisaia eratzen duen arkitektura natural gisa, kokaleku arkitektoniko gisa eta babesleku gisa.
Maite Unzurrunzagaren sormen prozesua errealitatetik abiatzen da beti, errealitatean beti aurkitzen baitu hunkitzen eta erakartzen duen zerbait. Bere lanean adierazpen askatasuna eta orekaren bilaketa uztartzen ditu, elkarren artean borrokatuz irudi egokia aurkitu arte. Bakarkako eta taldekako erakusketa ugari egin ditu Euskal Herrian, Iruñean, Valentzian, Murtzian, Vigon, Cadaquesen eta Madrilen, eta hainbat lehiaketatan saritu dute.