Urtaranen gobernuak (EAJ-PSE) iragarri du merkataritza alorreko hainbat proiektu finantzatzeko laguntza eskatu duela Europako Batasuneko berregituratze funtsetatik. Maider Etxebarria zinegotziak eman du Leap (Jauzi) planaren berri: Sustapen Ekonomikorako Sailak 1,3 milioi euro eskatu nahi dizkio Europako Batasunari, "tokiko merkataritza berpizteko". Eskatutako diruaren zatirik handiena, milioi bat eurotik gora, "salmenta puntuaren eraldaketa" deituriko ekintza multzo bati dagokio.
EH Bilduk "harriduraz" salatu du eskatutako laguntzarekin ordaindu nahi den bigarren partida handiena —428.000 euro— El Cortes Ingles merkataritza guneko zamalanetarako kaia eraikitzeko dela; lan horien bitartez, El Corte Ingles lotuko litzateke Abastos Azokaren lurrazpian dagoen zamalanetarako kaiarekin.
Gainera, udal gobernua Eusko Jaurlaritzak beste milioi erdi bat euro jartzea bilatzen ari dela ohartarazi du EH Bilduk. Horrela, BEZa aintzat hartuta, guztira 1,1 milioi euroren finantzaketa publiko zuzena jasoko luke El Corte Ingles merkataritza gune pribatuak. 2018an, Udalak Eusko Jaurlaritzaren 800.000 euro galdu zituen obra hori finantzatzeko.
"Astakeria hutsa"
EH Bildu udal taldeko zinegotzi Rocio Viterok gogor kritikatu du Udalaren eskaera: "Astakeria hutsa da tokiko merkataritzari laguntzeko ideiaren atzetik ezkutatzen dena izatea hiriguneko saltoki handi batentzako obrak finantzatzea, urtez urte irabazi handiak dituenean, gainera", azaldu du.
"Astakeria are handiagoa dira saltoki handi bati dirua ematea justifikatzeko Urtaranen gobernuak eman dituen argudioak. Besteak beste, aipatzen da ekintzak bat egiten duela Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarriaren Helburuetako (GJH/ODS) bigarren puntuarekin: gosearekin amaitzea", kritikatu du Viterok.
Azkenik, zinegotziak salatu du Gasteizek "trantsizio ekologikoa eta produktiboa bezalako erronka itzelak" dituen bitartean, "Europatik etor daitezkeen diru laguntzak bilatzerakoan, EAJk eta PSEk nahiago dutela aurretik jartzea merkataritza azal handi baten interes pribatuak".