Carlos Nuñez, Amak, Alasdair Fraser eta Natalie Haas, Aitzina Folk jaialdian

Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 12:00
Aitzina Folk jaialdiaren IX. edizioaren aurkezpena, Oihanederren. / GASTEIZKO UDALA

Ataxia telangiektasiak eragindako familiekin elkartasunez antolatutako Aitzina Folk jaialdiaren IX. edizioa urriaren 29tik urtarrilaren 2ra bitartean. Hamahiru jarduera baino gehiago eskainiko ditu Gasteizko hainbat agertokitan.

Aitzina Folk jaialdi solidarioaren IX. edizioa aurkeztu dute gaur Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Bertan izan dira Udaleko Kultura zinegotzi Estibaliz Canto, Kultura saileko foru zuzendari Inmaculada Sanchez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti, Laboral Kutxako ordezkari Kepa Ortiz de Urbina, Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibañez de Opakua eta Aitzina Folk jaialdiaren zuzendari Patxi Villen.

Ataxia telangiektasiak eragindako familiei laguntzeko jaialdia urriaren 29tik urtarrilaren 2ra bitartean izango da aurten, eta aurrez aurreko hamahiru ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu, publiko mota guztiei zuzenduta. Urtero bezala, nazioarteko zein bertako artistek bat egingo dute jaialdiarekin.

Aurtengo nobedadeen artean, emakumeen presentzia sustatzeko Emakumeak folkean atala izango da. Bestalde, ohiko kontzertuez gain, familientzako bi kontzertu eskainiko du Txikifolk atalak, Gorka Bravok Ehun doinuak liburua aurkeztuko du, eta eskolen topaketa bat eta hiru lantegi egingo dira. Momentuz, kalejirak hurrengo edizio baterako utzi dituzte.

Sarrerak

Bi aukera izango dira aurtengo sarrerei dagokienez, Aitzina Folk jaialdiaren webgunearen bitartez: alde batetik, jarduera guztiak barne hartuko dituzten 50 bonu jarriko dira salgai (60 euroko prezio berezian); bestalde, banakako sarrerek 5 eta 20 euro arteko prezioa izango dute.

Sarreren salmentatik lortutako diru-sarrera guztiak ataxia telangiektasiak eragindako familiak batzen dituen AEFAT elkarteak sustatzen duen eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikan egiten den terapia genikoaren alorreko ikerketa finantzatzera bideratuko dira.

Askotariko emanaldiak

Jaialdiaren lehen emanaldia urriaren 29an izango da, ostiral honetan, Santa Maria katedralean: Taraceak (Madril) Donejakue bideko musikak ekarriko ditu, Erdialdeko Europatik Galiziara, tradizioa eta oraina uztartuz, jazzaren lengoaia eta erritmo iberiar eta mediterraneoak baliatuta.

Hurrengo bi hitzorduak abenduaren 5ean, igandean, izango dira. Alde batetik, Txikifolk atalean, Gaztela eta Leongo Silberius Uraren Neonymus haurrentzako ikuskizuna izango da, Jesus Ibañez de Matauko antzokian. Kontzertu didaktiko elkarreragilea, paleolitikotik gaur egunera arteko bidaia musikala, mota askotako soinu eta musika tresnek lagunduta. Bestalde, nazioarteko bi figura handiren kontzertua: Alasdair Fraser Eskoziako biolin-jotzaile onenak eta Natalie Haas Kaliforniako txelo-jotzaile bikainak Syzygy lana aurkeztuko dute Iradier Arenan.

Abenduaren 10ean, ostiralean, Kataluniako folka izango da Jesus Ibañez de Matauko antzokian, Josep Maria Ribelles Band taldearekin. Konpositore eta musikari handia da, eta Estatuan arpa zeltikoan espezializatutako arpa-jotzaile bakarretakoa.

Abenduaren 11n, larunbatean, Ander Garcia Hirukoteak bere laugarren diskoa, Amahiru, aurkeztuko du Oihaneder Euskararen Etxean. Ander Garcia kontrabaxu-jotzaile, konpositore eta abeslari bilbotarrak, Jorge Castañada piano-jotzaileak eta Mikel Urretagoiena bateria-joleak osatutako hirukoteak euskal erritmoak interpretatzeko modu berriak dakartza, eta euskal sustraiak gaur egungo jazzera hurbiltzen ditu, hainbat urtetako ikerketaren emaitza gisa.

Abenduaren 12an, igandean, hiru jarduera izango dira. Eskolen topaketa, Jesus Guridi musika kontserbatorioan. Familientzako kontzertu didaktikoa Ivan Allue polifazetikoaren eskutik, Jesus Ibañez de Matauco antzokian. Allue maitasunez gogoratzen dute askok, pandemian zehar egindako Balkoiko bertsioak kontzertuengatik. Arratsaldean, Miranda Ebroko NoReM (Noites de Rock e Meigas) taldearen musika, Jesus Ibañez de Matauko antzokian. Taldeak Galiziako kultura eta folklorea gaur egungo erritmo eta estiloekin uztartzen ditu, poparekin eta rockarekin esaterako.

Abenduaren 18an, larunbataean, Palentziako Tabanera de Cerratoko El Naan taldea etorriko da Jesús Ibañez de Matauko antzokira. 2009an sortutako talde sortzaile honek musika eta poesia ditu sorkuntzarako ildo nagusi, eta arrakasta handia lortu du nazioartean.

Abenduaren 19an, igandean, Gorka Bravo musikari (Kolme Katu, Sarrabete…) eta jaialdiaren laguntzaileak Ehun doinuak izenburuko liburua aurkeztuko du Jesus Ibañez de Matauko antzokian, kontzertu batekin lagunduta. Egun eta toki berean, Sutan dantzan musika eta dantza ikuskizuna aurkeztuko dute Julen Alonso trikitilariak eta Oinkari taldeak.

Jaialdiko ekitaldi nagusia abenduaren 27an izango da, astelehenean: Carlos Nuñez artista handiak kontzertua emango du Principal Antzokian, A irmandade das estrelas lanaren 25. urteurrena ospatzeko.

Urteko azken kontzertua Iñaki Palacios & The Gaels taldearen eskutik iritsiko da, abenduaren 29an, Amurrio Antzokian. Txistuaren soinuaren bidez Irlandara eramango gaituen hirugarren diskoa, Baltik, aurkeztuko dute.

Azkenik, jaialdiaren bederatzigarren edizioa urtarrilaren 2an amaituko da, Iradier Arenan izango diren bi kontzertuekin: alde batetik, euskal folklorearen melodiak eta ahots polifoniko bikainak biltzen dituen Amak proiektua; bestetik, txalaparta eta flamenkoa uztartzen dituen Berriketan taldea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide