Astearte Musikalak azarotik martxora itzuliko dira, edukiera osoarekin

Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 10:00
Notos Laukoteak inauguratuko du Astearte Musikalen XXXII. edizioa. / VITAL FUNDAZIOA

Vital Fundazioak antolatutako Astearte Musikalen XXXII. edizioa azaroaren 2an iritsiko da, Notos Laukotearen eskutik. Dagoeneko martxan dago denboraldi osorako abonamenduen salmenta.

Pandemiaren ostean, aurrera doa kulturaren sektorearen berpizkundea: Vital Fundazioaren Astearte Musikalak zikloa ere normaltasunera itzuliko da bere XXXII. edizioan. Lurraldeko ganbera musikaren hitzordu garrantzitsu horrek edukiera osoa berreskuratuko du Vital Fundazioa Kulturunean —Bakea kaleko 5. zenbakian, Dendarabako lehen solairuan—, espazio itxietarako segurtasun neurriak mantenduko badira ere.

Azaroaren 2tik martxoaren 29ra bitartean, hemezortzi emanaldi eskainiko ditu zikloak, nazioarteko talde zein musikariez osatutako programaren barruan. Emanaldi guztiak 19:30ean izango dira, eta datozen lau hilabeteetan zehar, bi bakarlari, bost bikote, lau hirukote, bi laukote, bi boskote, seikote bat eta bi ikasle talderen emanaldiez gozatzeko aukera izango da; jasotako 388 eskaintzen artean aukeratu dira.

Talde horiek Bach, Haydn, Mozart, Beethoven, Schubert, Donizetti, Brahms, Mahler, Manuel de Falla, Bartok, Schuman eta Piazzolla musikagileen lanak interpretatuko dituzte, baita Albeniz, Ravel, Guridi eta Sorozabal euskal konpositoreen lanak ere. Guztira, 80 konpositoreren lanez osatutako zerrenda izango da, Errenazimendu garaitik gaur egunera arte, barroko, klasizismo eta erromantizismotik igarota.

Abonamenduak eta sarrerak

Astearte honetan hasi da denboraldi osorako abonuen salmenta, 70 euroko prezioan. Vital Fundazioaren webgunearen bitartez eta Kordoi Etxeko egoitzan erosi ahal izango dira, astelehenetik ostegunera, 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara; baita ostiral goizetan ere.

Bestalde, hilabete bakoitzeko azken asteazkenetik aurrera, hurrengo hileko edozein errezitalditarako sarrera solteak erosi ahal izango dira, 8 euroko prezioan.

Ganbera musika, plazara

Inaugurazio kontzertua

Zikloa gaur egungo ganbera talde nabarmenetako batek, Notos Laukoteak (Alemania), irekiko du azaroaren 2an. Sindri Lederer eta Andrea Burger biolin-jotzaileek, Philip Graham biolontxelo-jotzaileak eta Antonia Köster piano-jotzaileak osatzen dute taldea. Sei lehenengo sari eta sari berezi ugari jaso dituzte nazioarteko hainbat lehiaketetan.

Azaroa

Bost astearte izango ditu aurtengo azaroak, eta aipatutako laukoteaz gain, beste lau talde arituko dira Vital Fundazioa Kulturunean:

  • Azaroak 9: Jakob Hirukotea (Herbehereak) Manuel De Almeida-Ferrer biolin-jotzaileak, Carla Peña Romero txelo-jotzaileak eta Imanol Casan piano-jotzaileak osatzen dute. Brahmsen eta Haydnen lanak biltzen dituen 86ko uda beren programa aukera ona da bi konpositoreen arteko kontrasteak ezagutzeko.
  • Azaroak 16: Vojin Kocic (Serbiako Errepublika, 1990) gitarra-jotzailea. Bere lehen nazioarteko lehiaketa, adin mugarik gabeko kategorian irabazi zuen 14 urte besterik ez zituela, eta, ondoren, beste 17 sari irabazi zituen gitarra lehiaketa ospetsuetan.
  • Azaroak 23: Jose Luis Sola eta Mentxu Pierrugues (Nafarroa eta Araba). Programa liriko baten eskutik, besteak beste, Don Giovanni, La Hija del Regimiento edo L'arlesiana operetako abestiak entzuteko aukera eskainiko dute, baita zenbait zarzuela ere, hala nola El Caserío, Doña Francisquita eta La Tabernera del Puerto.
  • Azaroak 30: Nazioarteko Bakarlari Hirukoteak, Joaquin Palomares biolin jotzaileak, David Apellaniz biolontxelo jotzaileak eta Gabriel Escudero piano-jotzaileak osatutako taldeak, Beethovenetik Piazzolara programa eskainiko du, pianorako ezohiko bertsiotan.

Abendua

  • Abenduak 14: Ellinor d 'Mellon eta Vadim Gladkov. Inpaktu handia eragiten ari den artista klasiko gorakorretako bat den Ellinor d 'Mellon Jamaikako biolin-jotzaile gazteak eta Sofia erreginaren eskutik bere katedrako ikasle bikainenaren diploma jaso duen Vadim Gladkov piano-jotzaile ukrainarrak programa orekatu bat eskainiko dute abenduari hasiera emateko, Beethoven, Brahms, Franck eta Sarasateren lanez osatua.
  • Abenduak 21: LleidArt Ensemble hari-seikoteak itxiko du urtea, Eckart Runge, Friedemann Weigle eta Artemis Quartet-en moldaketa oso berezi bat interpretatuz. Lan horretan, Bachen musikatik Astor Piazzollarenera bidaiatzen den barrokotik tangorako metamorfosi musikal jarraitua erakutsiko dute.

Urtarrila

  • Urtarrilak 11: Tulam Bikoteak —Miguel Angel Forner bibrafonoan eta Jesus David Valero marinban— emango dio ongietorria 2022ari, oso ohikoa ez den eta estilo nahasketa dakarren perkusio kontzertu baten eskutik.
  • Urtarrilak 18: Laura Farre Rozada Bartzelonako pianista, matematikari eta ikertzailea.
  • Urtarrilak 25: Piacere dei Traversi laukotea —Carmen Botella sopranoak eta Silvia Rodriguez, Laura Palomar eta Marisa Esparza zeharkako flauta jotzaileek osatuta—. Espainiako Gobernuak aukeratu du Dubaiko Expo 2021en Espainiako pabilioian jarduteko.

Otsaila

  • Otsailak 1: Clara Cernat eta Thierry Huillet. Agertokia eta beren bizitzak partekatzen dituzten biolinista errumaniarrak eta pianojole eta musikagile frantziarrak nazioarteko sari handiak jaso dituzte. Brahms, Falla, Sarasate, Berlioz eta Huilleten lanez osatutako musika paregabeen inguruko bidaia proposatuko dute.
  • Otsailak 8: Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleen hilabetea ere izango da otsaila.
  • Otsailak 15: Kad Hirukoteak aurreko zikloan bertan behera geratu zen kontzertu batekin emango dio amaiera hilabeteari. Agertokietan oso ohikoa ez den taldea da, Assumpta Pons biolinistak, Carles Perez tronpistak eta Karla Martinez pianistak osatua.

Martxoa

  • Martxoak 1: Magna Boskotea. Gasteizen bizi diren musikariekin osatutako haize-taldea izango da inauterietako kontzertuaren protagonista, eta bidaian eramango gaituzte askotariko herrialde zein musika estiloetan zehar.
  • Martxoak 8: Nosotras izeneko omenaldi kontzertua eskainiko dute Lara Diaz klarinete jotzaileak eta Natalia Zapatero pianojoleak, Emakumearen Nazioarteko Egunean. Musikan profesionalki jardun zuten edo diharduten emakumeen lanez osatutako emanaldia izango da. Emakume horietako batzuek, gainera, jarduera horretan aritzeko emakume izatea oztopo izandako historiako une batzuetan sortu zituzten bere lanak.
  • Martxoak 15: Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko ikasleak.
  • Martxoak 22: Bohemien hirukote gasteiztarrak musika frantsesez ostutako errepertorioa eskainiko du, standars jazzetik hasi eta kultura ezberdinetako musika tradizionaleraino, swingaren eragin jazzistiko amerikarrekin.
  • Martxoak 29: Azahar Ensemble taldeak emango die amaiera Astearte Musikalei. Europan erreferentzia den haize-boskotea, Nazioarteko ibilbide bikainari esker, agertoki garrantzitsuenetako batzuetan aritu da. Reicha, Nielsen, Von Zemlinsky, Jose Luis Turina eta Ligetiren lanez osatutako programa eskainiko dute, eta ingurune bukolikoetara eramango gaituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide