Patruila motordun bati 07:15ean eman zioten abisua, hirigunean herritarren segurtasunerako lanetan ari zela. Bertara joan ondoren, inguruan bi gizon aurkitu zituen, biktimak emandako deskribapenekin bat zetozenak, eta atxilotu eta epailearen esku utzi zituen.
Gertakari horren aurrean, Ikusgunek "besarkada handi bat" bidali dio erasotuari, "eta haren esanetara jartzen gara gure esku dagoen guztirako". Ikusgunek azaldu duenez, azken horrekin, 28 dira Araban ezagutu diren gertakariak; horietatik 23 Gasteizen gertatu dira. Guztien artean 10 erasoak dira, 12 gorroto-diskurtsoak eta 6 sexu-orientazioagatiko edo genero-identitateagatiko bazterketak.
"Politika feministak indartuz bakarrik eten daiteke egun bizi dugun indarkeriaren gorakada. Politika horiek zeharkakoak izatea ezinbestekoa da, eta erakundeen eta mugimendu feminista eta LGTBI+en arteko lankidetza estuan. Azken hilabeteetan gertatutako erasoek, kezkatu ez ezik, arduratu ere egin behar gaituzte, pertsona guztiek espazio publikoa askatasun osoz erabili ahal izateko erantzukizuna baitugu. Horregatik, jendarte feministagoa, bidezkoagoa eta berdinzaleagoa sustatzen duten ekimenen aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, astero ezagutzen ditugun indarkeriengatik kexatzen jarraitu beharrik izan ez dezagun".
Gasteizko E28 Koordinadorak erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du asteazkenerako —urriak 27—, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.
Halaber, asteburuon, Batan auzoan erasotako emakumeari bere babesa helarazi dio Ikusgunek.