EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ilustrazio Zientifikoko Masterraren barruan eginiko lanak ezagutarazten ari dira Arabako Natura Zientzien Museoan. Orain dela lau urtetik EHUk graduatu ondoko titulu bat eskaintzen du, ilustrazio zientifikoko profesionalak trebatzea helburua duena. Ilustrazio Zientifikoko Unibertsitate Espezializazioko titulua izenaz sortu zen programa, eta 2021/22 ikasturtetik aurrera Ilustrazio Zientifikoko Berezko Masterra bezala eskaintzen da.
Trebakuntzaz gainera, master titulazio horren helburuetako bat da hitzaldiak, argitalpenak, erakusketak eta holako ekintzak sustatzea, ilustrazio zientifikoaren garrantzia nabarmendu eta zientzia unibertsitatearen esparrutik kanpora zabaltzeko. Hortaz, urtero material grafikoa sortzen da askotariko jakintza alorretan, astronomiatik hasi eta medikuntzara. Eta elkarlana egiten da ikusizko zientzia hori esparru akademikotik kanpora helarazten laguntzen duten eragileekin. Inauguratu berri duten erakusketak asmo horri eusten dio.
Inmaculada Sanchez Arabako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak azaldu duenez, "zientzien komunikazioa eta zabalkundea funtsezko tresnak dira zientziak aurrera egin dezan eta gizarteak kultura zientifiko handiagoa izatea lortzeko. Ilustrazio zientifikoa zientzien komunikazioaren adar bat da, zeinean, irudia osagarri moduan erabiliz, mezua modu eraginkor eta erakargarrian komunikatzen baita, horrela kontzeptuak azkar asimilatzea eta geure oroimenean irautea ahalbideratuz. Azken batean, ilustrazioak lagundu egiten digu ulertzeko ikusten".