Hezkuntza eta burujabetzaren inguruko jardunaldiak egingo ditu Ernaik azaroan

Erredakzioa 2021ko urr. 22a, 13:20

Jardunaldi nazionalen aurkezpena, urriaren 6an Gasteizko campusean. / Argazkia: ERNAI

Ernai gazte antolakundeak hezkuntza eta burujabetza ardatz izango dituzten jardunaldi nazionalak antolatu ditu azaroaren 10ean eta 11n, Gasteizko Campusean. Hitzaldi eta mahainguruez gain, mobilizazio bat eta Gaztetxean kontzertuak izango dira.

Azaroaren 10ean eta 11n, Ernai gazte erakunde independentistak jardunaldi nazionalak egingo ditu Gasteizko Campusean. Hitzaldi eta mahainguruen eskaintza zabala izango dute jardunaldiek, unibertsitate eredua, hezkuntza eta burujabetza prozesua mintzagai.

Bere eskaintza zein proiektu politikoa zabaltzeko eta eztabaidatzeko helburuarekin, Ernaik Euskal Herriko gazte eta ikasle orori luzatu die parte hartzeko gonbidapena. "Burujabetzen inguruan hausnartu eta Euskal Herria herri burujabea izateko garatu beharreko tresna eta prozesuen inguruan jarduteko parada izango da", azpimarratu dute.

Urrian eman zuten jardunaldien berri, eta aste honetan egitarau osoa plazaratu dute. Besteak beste, Ernaiko kideek plazaratuko duten unibertsitate burujabe, publiko, komunitario eta eskualdun baterantz egin beharreko bidearen hausnarketa, Euskal Herrian ematen ari diren burujabetza prozesu formalen inguruko mahaingurua eta burujabetzaren ulerkera feministaren zein ekologistaren inguruko solasaldiak nabarmendu dituzte.

Azaroaren 11n, ostegunean, jardunaldiei amaiera emateko mobilizazioa egingo dute 18:30ean, Larrialditik duintasunera! lelopean. Horrez gain, 21:30etik aurrera kontzertuak izango dira Gasteizko Gaztetxean. Aurreratu dutenez, gainera, "Espainiako Estatuko nazio zapalduetako gazte eta ikasle antolakundeetako gonbidatuek" ere parte hartuko dute jardunaldietan.

Jardunaldien eta nobedadeen inguruko informazio guztia Ernairen webgunean izango da ikusgai. Jardunaldietan parte hartzeko, beharrezkoa izango da izena ematea; horretarako aukera izango da webgunearen bitartez edo Euskal Herriko beste campusetan egingo diren aurkezpen publikoetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago