Gabonetako Nekazaritza Azoka ohiko formatuan itzuliko da Plaza Berrira

Erredakzioa 2021ko urr. 21a, 12:40

Etxeko produktu ugari eta artisautza produktuak eskainiko ditu azokak. / VITAL FUNDAZIOA

Abenduaren 23an, 9:00etatik 14:30era bitartean Plaza Berrian, ohiko formatuarekin ospatuko da Gabonetako Nekazaritza Azoka. Interesa duten ekoizleek postu bat eskatzeko epea azaroaren 2tik 11ra irekiko du Vital Fundazioak.

2020ko edizioan Arabako ekoizleek baino ez zuten parte hartu, baina aurten, berriz, "pandemiaren aurretik ezagutu dugunaren antz handia izango duen formatuan" itzuliko da Gabonetako Nekazaritza Merkatua, osasun egoeraren bilakaera onari esker. Gasteizko Plaza Berrian egingo da, Gabon Gauaren bezperan, 9:00etatik 14:30era bitartean.

Frutak, barazkiak, ortuariak, haragiak, hestebeteak, gaztak, ezta, kontserbak, ardoak, likoreak, ogia, gozogintza (euskal pastela, erroskillak edo tartak), taloak, Eguberrietako produktuak, ekologikoak, boilurra, arrautzak edo Arabako olioa... etxeko produktu ugari salduko dira, baita artisautza produktuak ere.

Bere generoa eskaini nahi duten saltzaileek azaroaren 2tik 11ra egin ahal izango dute postu bat lortzeko eskaera, www.fundacionvital.eus webgunearen bitartez. Esleipendunen zerrendak azaroaren 22ko 12:00etatik aurrera kontsultatu ahal izango dira. Arabako ekoizleek —Trebiñukoak barne— lehentasuna izango dute kategoria bakoitzerako postua lortzeko; halaber, Eusko Label edo Nekazaritza Ekologikoaren kalitate-zigiluak dituzten ekoizleek balorazio positiboa jasoko dute.

Sei hamarkada luzeko ibilbidea duen azoka, bigarren urtez jarraian, ingurumen aldetik jasangarria den ekitaldia izango da, Erronka Garbia ziurtagiria lortuta. Izan ere, ingurumen-arrastoa murriztu nahian diseinatzen ari dira ekitaldi osoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago