Asteazken honetan, LABek elkarretaratzea egin du Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean. Sindikatu abertzalearen ustez, joan den ikasturtean agerian geratu zen "premiazkoa" zela bi arau aldatzea: alde batetik, 2000ko martxoaren 22ko Agindua —horren bidez, eskola jantoki publikoak arautzen dira—; bestetik, eskola jangelen funtzionamenduari buruzko administrazio eta zerbitzuetako sailburuordearen 2019ko zirkularra.
Sindikatuak azaldu duenez, behin baino gehiagotan adierazi diote Hezkuntza Sailari horri buruzko "edozein erabaki edo aldaketa langileen ordezkariekin adostu behar duela". Ikasturte honen hasieran, ordea, Jokin Bildarratzen sailak jangelen funtzionamenduari buruzko zirkular berri bat argitaratu zuen bere webgunean.
LABek azaldu duenez, "hitzarmen kolektiboan jasotakoari konta eginez", Hezkuntza Sailak erabaki langileek 18 ordu osagarri izango dituztela ikasturte bakoitzean, besteak beste, jangelako arduradunarekin koordinazio bilerak, hobetzeko proposamenak eta txostenak egiteko. Ordu horiek ez dira nahitaez bete beharrekoak izango: "Beti egin izan diren funtzioak dira, eta aintzat hartzea hainbeste kostatu zitzaigunak", deitoratu dute.
"Erabaki hori berriz ere alde bakarrekoa izan da", salatu du LABek. "Eta ez ditu jasotzen gure aldarrikapen asko, zerbitzu hau, oro har, hobetzea helburu dutenak: ratioen jaitsiera, lanaldiak gehitzea eta langile gehiago kontratatzea".
Gaurko mobilizazioan ohartarazi dutenez, "jangela funtsezkoa da ikasleek beren etapa akademikoan jasotzen duten hezkuntza integralean, baita ikasle askoren elikaduraren oinarri nagusia ere; batzuetan, bakarra". Beraz, ikastetxeko "beste gune bat" izan behar dela aldarrikatu dute, "ikasten eta hezten jarraitzen dela argi izanda, eta ez, Hezkuntza Sailak egiten duen bezala, zerbitzu osagarri gisa baloratuz".
Azkenik, jangela publikoen arauak negoziatzeko eskatu diote LAB sindikatuko langileen ordezkariek Hezkuntza Sailari.