Arabako txakolinak eta poteoak Kutxi kalea zipriztinduko dute igandera bitartean

Erredakzioa 2021ko urr. 19a, 12:00
Azken urte eta erdian galdutako poteoa sustatu nahi dute Kutxiko taskeroek. / ALEA

Asteazkenetik igandera, lurraldeko produktuei eskainitako Araba Kutxin egitasmoaren lehen edizioa antolatu dute Gasteizko Aiztogile kaleko taskeroek. Oraingoan, Arabako txakolina izango da protagonista.

Pandemiak hobera egitearekin batera, neurri murriztaile gogorrenak atzean geratu dira. Urte eta erdi gogorraren ostean, Kutxiko Taskeroak Elkarteak Araba Kutxin ekimen berria abiatu du, bertako produktuak, ostalaritza eta poteoa berriro sustatzeko asmoz.

Aste honetan bertan, urriaren 20tik 24ra bitartean, asteazkenetik igandera, Arabako txakolina izango da lehen jardunaldiaren protagonista. Bost egunetan zehar, askotariko jarduerak antolatu dituzte: hilaren 20an, asteazkenean, inaugurazio brindisa eta aurkezpena egingo dute 13:00etan Fariñasen (Kutxi kaleko sarreran); eta ostegunean, 19:00etatik 20:30era, txakolin dastaketa egingo da Landatxon.

Gainera, ostiraletik igandera, egunean zehar, txistulari eta trikitilarien eskutik kale animazioa nagusituko da, tabernetan Arabako txakolina, gildak eta Idiazabal gazta dastatzeko aukerarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide