Gasteizko 19. Sektorea, auzoarentzako izen ofizial berri baten bila

Erredakzioa 2021ko urr. 19a, 10:30

Aretxabaleta eta Gardelegi kontzejuen arteko auzoa da 19. sektorea. / Irudia: NEINOR HOMES

Aretxabaleta eta Gardelegi kontzejuen arteko 19. sektoreak 2.000 biztanle inguru ditu dagoeneko. Auzoaren izen ofizial propio bat lortzeari ekin diote, azaroaren 6ra bitarteko online bozketa baten bidez.

19. sektorea 2009tik aurrera Gasteizko hegoaldean eratutako auzo berria da. 2000. urteko HAPOan aurreikusi zen, 2009 eta 2010 artean egin ziren urbanizazio lanak, eta 2011n altxatzen hasi ziren blokeak. Baina, hamarkada baten ostean, auzoak ez du izen propiorik oraindik; Aretxabaleta-Gardelegi izena hartu du azken urteetan, bi kontzeju horien artean dagoelako.

GasteizBerri hedabideak aste honetan argitaratu duenez, bertako bizilagunek —2.000 inguru dagoeneko— izen ofizial propio bat nahi dute, eta martxan jarri dira hori lortzeko. Gainera, Udalak begi onez ikusi du Arelegi Auzo Elkartearen egitasmoa. Azken proposamena sei hautagairen artean bozkatuko da —online, azaroaren 6ra bitartean—, eta, ondoren, azaroaren 10ean eramango da Hegoalde Gizarte Etxean egingo den Auzogunera.

Auzo bat izendatzeko, ezin da tokiarekin zerikusirik ez duen edo asmatutako izenik erabili. Horregatik, egitasmoaren berri izan zuenean, Udalak inguruko toponimo zaharren zerrenda igorri zion auzo elkarteari. Zerrenda horretatik abiatuta, sei finalista aukeratu zituzten auzokideek; orain, horien artean erabakiko da azken proposamena:

  • Okelu
  • Tximisoste
  • Goikolarra
  • Sarrinko
  • Ezkerribai
  • Errotalde

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago