Don Patricio eta Zetak, pandemiaren osteko Arabako lehen kontzertu handian

Erredakzioa 2021ko urr. 18a, 13:40
Don Patricio eta Zetak taldeko Pello Reparaz. / VITAL FUNDAZIOA

Urriaren 22an, 23an eta 24an, Vital Egunaren barruan, Gasteizko Foru plazan arituko dira Don Patricio traperoa eta Zetak taldea, 2020ko martxoaz geroztik zutik egingo den lurraldeko lehen kontzertu handian.

Asteburu honetan, ostiraletik igandera bitartean, Vital Egunaren hirugarren edizioa antolatuko du Vital Fundazioak. Hiru egunetan zehar, "inoiz baino gehiago alaitasuna eta batasuna" eragin nahi ditu fundazioak Arabako gizartean. Iazko etenaldiaren ostean, orain arteko ediziorik musikalena izango du Vital Egunak, urriaren 22tik 24ra, eta jarduera guztiak doakoak izango dira.

Horretarako, Don Patricio traperoaren eta Zetak taldearen kontzertuez gain, kirola, gaueko martxa solidarioa, enpresen lasterketa eta musika klasikoko kontzertu bat antolatu dituzte; eta hiriburuaz gain, Amurrion, Guardian eta Agurainen ere izango dira jarduerak.

Informazio osoa, ordutegiak, jarduerei buruzko xehetasunak eta horietan parte hartzeko modua eskuragarri dago Vital Eguna ekitaldiaren webgune ofizialean.

Ostiralean, haurrentzako jarduerak nagusi

Programazioa ostiralean, hilaren 22an, 19:00etan hasiko da Zabalgana auzoan, Kantu Kolore taldearekin. 2015ean sortutako talde honen helburua haurrek musikaren bidez ikastea da, eduki didaktiko jakin bat duten abestiak proposatuz. Gauean, berriz, Gaueko Martxa Solidarioa izango da 19:30ean: Olarizuko parketik abiatuta, zazpi kilometro inguruko ibilbideak hiriaren gaueko bista ikusgarria izateko aukera eskainiko du; izen-ematea www.vitaleguna.eus webgunearen bitartez egin behar da. Parte-hartzaile bakoitzak, ibilaldiaren egunean, kopeta-linterna bat jasoko du, doan.

Larunbatean, hilaren 23an, musika nagusituko da: 12:30ean, Foruen plazan, Simbatik Kiarara, Lehoi Erregea zinematografiko klasikoaren omenezko kontzertua. Horrekin batera, Kantu Kolore arituko da Amurrion (12:30) eta Guardian (18:30). 17:00etatik aurrera, berriz, Enpresen Lasterketa egingo da Arabako Parke Teknologikoan (Miñao).

Don Patricio eta Zetak

Vital Egunaren hitzordurik garrantzitsuena larunbateko azken orduan iritsiko da. Izan ere, Foru plazak 2019tik kalean egingo den lehen kontzertu handia hartuko du, 19:30etik aurrera, doan: Pello Reparazen eskutik, Zetak taldearen pop elektronikoaz gozatu ahal izango da; bere emanaldiaren ostean, Don Patricio kanariarra arituko da, gaztelaniazko traparen izen handienetako bat.

Dj Canynen eskutik egingo diren saioetan ere, Foru plaza dantzaleku bihurtuko da.

Igandeko egitaraua

Azkenik, igandean, kirola familian, 11:00etatik aurrera, Agurainen: hainbat kirol modalitate (txirrindularitza, futbola, errugbia, defentsa pertsonala, boleibola eta esgrima) praktikatzeko eta harremanak sendotzeko proposamenak egingo dituzte, futbol zelaian, frontoian eta skate parkean.

13:00etan izango da azken jarduera, Gasteizko Florida parkean, musika klasikoko kontzertu baten eskutik: Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) Syrinx Ensemble haize-boskoteak emango dio amaiera bikaina aurtengo edizioari, eta horretarako egitarau berezia prestatu dute, lan klasikoen aukeraketa barne.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide