'World Press Photo' erakusketa hartuko du Montehermosok hilaren 15etik aurrera

Erredakzioa 2021ko urr. 15a, 12:31

Ur-biltegian izango dira munduko prentsa argazkirik onenak. GASTEIZKO UDALA

159 iruditan jasotzen ditu istorio harrigarri eta ezezagunak: glaziarren eraikitzaileak, kartzeletako semen-kontrabandoa, edo Poloniako haurtxo artifizialak.

Montehermoso kulturuneak World Press Photo erakusketaren beste edizio bat hartuko du urriaren 15etik azaroaren 14ra arte. Prentsa-argazkilaritzaren munduko lehiaketa garrantzitsuena aurten irabazi duten 159 irudiak jarriko dira ikusgai ur-biltegian. 28 herrialdetako 45 argazkilarik –horien artean 11 emakume— landutako beste horrenbeste istorio dira. Aurtengo edizioan 74.470 argazki aurkeztu dira, 130 herrialdetako 4.315 argazkilarik eginak.

Erakusketa 19 urtez jarraian egin izan da Gasteizen, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta erakusketaren koordinatzaile Paco Valderramak prentsaurrekoan azaldu dutenaren arabera."2021eko World Press Photo erakusketara hurbiltzera animatzen ditugu gasteiztarrak, sentipen ugari sorrarazten duen esperientzia baita, eta garrantzitsuagoa dena, zer pentsatua ematen baitigu“, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Ur-biltegira gerturatzen direnek istorio ezezagun eta harrigarriak topatuko dituzte: glaziarren eraikitzaileak, kartzeletako semen-kontrabandoa, zinema autoktonoaren produkzioa Errusiako errepublika hotzenetako batean, edo Poloniako haurtxo artifizialak. "Aparteko istorio horiek eta beste batzuek kazetaritza grafikoak indartsu jarraitzen duela erakusten dute, argazkigintzaren hutsaltze orokorra gorabehera".

The First Embrace

Pandemia ere agertuko da erakusketa osatzen duen argazkien bilduman, Mads Nissen daniarraren The First Embrace (Lehen besarkada) irudia izan baita irabazlea. 2020ko abuztuan egin zen, Sao Pauloko adinekoen egoitza batean (Brasil); 85 urteko adineko emakume baten eta erizain baten arteko besarkada jasotzen du, plastikozko errezela tarteko. Bost hilabetetan emandako lehen besarkada zen. Itxaropen-irudia da, mundu osoan ezagutzeko moduko keinu hunkigarria, planeta osoan errepikatua.

2021eko World Press Photo erakusketa ur-biltegian ikusi ahalko da, urriaren 15etik azaroaren 14ra, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, astelehenetik igandera (jaiegunak barne). Montehermoso kulturuneak bisitaldi gidatuak eskainiko dizkie ikastetxeei, Bizan sareko zentroei eta herritarrei oro har.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago