EH Bilduk akordiorik edo negoziaziorik izan ez dela azpimarratu badu ere, 2022ko zerga eta tasen ordenantzen alde bozkatu dute EAJk, PSEk eta EH Bilduk. Izan ere, beste alderdien babesik gabe, udal gobernuko bi alderdiek azken momentuan erabaki dute talde subiranistaren zuzenketak onartzea Ogasun Batzordean, ordenantzak aurrera atera ahal izateko. Horrela, datorren urtean zehar, Gasteizko Udalak zerga guztiak izoztuko ditu, eta tasa zein prezio publiko gehienak %1 igoko ditu.
Honako hauek dira izoztuko diren zergak: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Ekonomi Jardueren gaineko Zerga (EJZ), Ibilgailuen gaineko Zerga, Eraikuntzen gaineko Zerga eta gainbalioak, besteak beste. OHZri dagokionez, EH Bilduk proposatuta, errenta txikienentzako hobari-taula progresiboago bat ezarriko da, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (SMI) erreferentzia gisa erabilita.
Zabor-bilketaren, gizarte etxeetako ikastaroen, TAOren, ibien, ezkontzen eta hilerrien gaineko tasa eta prezio publikoak %1 igoko dituen arren, kirol instalazioen, ostalaritzako mahaitxoen eta gizarte zerbitzuen prezioak ere izoztuko ditu Udalak.
Hasieran, tasen %3ko igoera planteatu zuen udal gobernuak, baina, azkenean, EH Bilduren hainbat zuzenketa onartzea izan da modu bakarra gutxieneko adostasun bat lortu eta ordenantza berriak aurrera ateratzeko. Hau da, akordio orokorrik lortu ez denez, hiru alderdiek puntuz puntu onartu behar izan dituzte ordenantzak. PPk zergen beherapena eskatzen zuen, eta Elkarrekin taldeak uko egin dio Ekonomi Jardueren Zerga izozteari.
Hurrengo urratsa adostutako ordenantza fiskal horiek Udalbatzaren osoko bilkuran berrestea izango da.