Abesbatzak kalera itzultzeko unea

Erredakzioa 2021ko urr. 14a, 13:00
Abesbatzen kantujira bat Gasteizen, pandemia iritsi aurretik. / GASTEIZ KANTUZ

Urte eta erdiko atzerapenarekin, Arabako Abesbatzen XI. Topaketa ospatuko da larunbat honetan, urriaren 16an. Arratsaldean zehar, 19:00etatik 21:30era, musika herrikoiaz gozatzeko aukera izango da Judimendi eta Santa Luzia auzoetako kaleetan.

Pandemiaren unerik gogorrenak atzean gelditu dira. Kulturak galdutako espazioa berreskuratzen jarraitzen du, eta, orain, abesbatzen ordua ere iritsi da. Covid-19ak eragindako atzerapenaren ostean, urriaren 16an, larunbatean, Kanta Herrikoi eta Abesbatzen XI. Topaketa ospatuko da, Judimendi eta Santa Luziako kaleetan barrena.

Abestien bidez "gure kulturaren aberastasuna modu zuzen eta parte hartzailean transmititzeko" helburuarekin, Gasteizko bi auzo horietako auzo elkarteek antolatu dute aurtengo topaketa. Gainera, helburu bikoitza jarri diote hitzorduari: "Alde batetik, gure kaleetan festa giroa sortzea, lagun kuadrillek poteoa eta kantua tartekatzeko zuten ohitura berreskuratuz; eta, bestalde, kantu horietako bakoitzean biltzen den kultur aberastasuna auzotarrei erakustea", azaldu dute.

Egitaraua 19:00etan hasiko da, Judimendiko Polvorin parkean. Ondoren, auzoko kale, plaza eta tabernetatik sakabanatuko dira abesbatzak, 21:30ak arte. Agertoki eta lokal itxiak baztertu nahi izan dituzte, eta, horregatik, kalearen aldeko apustua egin dute, "komunikazio soziala garatzeko ingurune natural gisa". Parte hartzeko gonbidapena luzatu diete gasteiztar guztiei, "guztion artean ordu berezi hauetaz gozatzeko". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide