Arabako Atletismo Federazioak eta Vital Fundazioak Gasteizko Maratoi Erdiaren 43. edizioa antolatzeari ekin diote. Pandemiaren bilakaera ona izan arren, dortsal kopurua 2.500era mugatzea erabaki dute, prebentzio neurri gisa; izena emateko epea urriaren 18an irekiko da eta azaroaren 21era arte mantenduko da zabalik, www.fundacionvital.eus webgunean. Behin-betiko ibilbidea ez dute zehaztu oraindik.
Arabako zein Euskadiko txapelketa izango den proba aurkeztu dute gaur Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak, Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari exekutiboak, Andres Sanchez Arabako Atletismo Federazioko presidenteak eta Mikel Garcia Federazioko antolakuntza arduradunak. "Guztiok dugu kirol ekitaldi handien esparruan erabateko normaltasuna berreskuratzeko helburua. Maratoi Erdia bide horretan beste urrats bat da", ospatu du Livia Lopezek.
Parte hartzeko prezioa 22 eurokoa izango da; hala ere, izena epe barruan ematen ez dutenek azken aukera izango dute abenduaren 18an: kasu horretan, prezioa 50 eurokoa izango da, eta dortsalak jasotzeko lekuan bertan ordaindu beharko da.
Proba txikia
Bestalde, Maratoi Erdiaren proba txikiak ere 500era jaitsi du dortsal kopurua, hiru euroko prezioan. Kasu honetan, irteera Mendizorrotzeko atletismo moduluan izango da, lasterketa absolutua baino ordu erdi beranduago, 11:00etan; helmuga parkinean bertan izango da. Kategoriak EAEko eskola kirolean araututakoak izango dira: aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak.
1999tik eta 2012tik hautsi gabeko errekorrak
Gizonezkoei dagokienez, Ivan Fernandezek 2012an lortu zuen Gasteizko Maratoi Erdiaren errekorra: 1:03:51. Emakumezkoen kasuan, Nieves Zarza arabarrak jarraitzen du 1999an lortutako errekorra izaten: 1:17:45. Bestalde, Gontzal Sanz gasteiztarra da titulu gehien lortu dituen korrikalaria; guztira, bost titulu ditu: 2002, 2008, 2009, 2010 eta 2011.
2019ko edizioan, 3.100 atleta inguruk parte hartu zuten 42. edizioan. Hicham Oualla eta Raquel Gomez izan ziren garaileak, 2018ko garaipena errepikatuz.
Euskadiko eta Arabako txapelketa ere izango da proba. 2019an, probintziako txapeldunak Hicham Oualla eta María Cano izan ziren.