Bernaola Zikloa urritik otsailera bitartean itzuliko da

Erredakzioa 2021ko urr. 13a, 12:50

Ensemble Sinkro gasteiztarrek lau emanaldi eskainiko dituzte, Gasteizen, Araian eta Bilbon.

Musika Garaikideko Nazioarteko Zikloaren 18. edizioak hamalau kontzertu eskainiko ditu Gasteizen, Araian eta Bilbon, urriaren 16tik otsailaren 5era bitartean.

Larunbat honetan, urriaren 16an, Musika Garaikideko Nazioarteko Zikloa (Bernaola Zikloa) itzuliko da. Guztira, hamalau kontzertu eskainiko ditu zikloak; gehienak Gasteizen izango dira, baina Araia eta Bilbora ere zabalduko da egitaraua. Zikloaren XVIII. edizioa prentsaurreko batean aurkeztu dute Estibaliz Canto Kultura zinegotziak, Ana del Val Kultura diputatuak eta ekitaldiko zuzendari Guillermo Lauzurikak.

Nazioarteko konpositore, interprete eta publikoaren arteko topagune izango diren hamalau hitzorduak doakoak izango dira. "Araba nazioarteko erreferentzia bihurtu da musika garaikide sortu berriaren alorrean; izan ere, soinu berriak bilatu nahi dituen musikaren jaialdia da, publikoari zerbait aparteko eta magikoa eskaintzearren ikertu eta sortzen duen musikarena", nabarmendu du Ana del Valek.

Ensemble Kuraia taldeak irekiko du zikloa larunbat honetan, Jesus Guridi musika kontserbatorioan, eta Akusmaren ikuskizunak emango dio amaiera otsailaren 5ean. Bien bitartean, hainbat talde igoko dira oholtzara, zikloaren programazioaren barruan: Ensemble Sinkro, Quasar Saxophone Quartet, Trio Zukan, Alfonso Gomez piano-jotzailea, Meg Stuart & Mark Tompkins bikotea, Moscow Contemporany Music Ensemble, Florence Augendre & Zuriñe Benavente dantzariak, Guridi Garaikidea, El Niño de Elche eta Vanesa Santanach.

Egitaraua

  • Urriak 16, larunbata: Ensemble Kuraia, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Azaroak 6, larunbata: Ensemble Sinkro, 19:30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Azaroak 7, igandea: Ensemble Sinkro, 13:30 Andra Mari Aretoan (Araia).
  • Azaroak 15, astelehena: Quasar Saxophone Quartet & Trio Zukan, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Azaroak 20, larunbata: Alfonso Gomez, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Azaroak, 21, igandea: Meg Stuart & Mark Tompkins, 19.30ean Artium Museoan.
  • Azaroak 27, larunbata: Moscow Contemporary Music Ensemble, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Abenduak 8, asteazkena: Florence Augendre & Zuriñe Benavente, 19.30ean Artium Museoan.
  • Abenduak 14, asteartea: Guridi Garaikidea, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Urtarrilak 15, larunbata: Ensemble Sinkro, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Urtarrilak 17, astelehena: Ensemble Sinkro, 19.00etan Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan (Bilbo).
  • Urtarrilak 22, larunbata: Niño de Elche, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Urtarrilak 29, larunbata: Vanesa Santanach, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.
  • Otsailak 5, larunbata: Akusma, 19.30ean Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago