Hispanitatearen Eguna

Urriaren 12an "ospatzeko ezer ez" dagoela aldarrikatu du Ernaik Gasteizen

Erredakzioa 2021ko urr. 13a, 09:00

Ehunka gazte bildu ditu Ernaik deitutako manifestazioak. / Argazkia: HALA BEDI

Hispanitatearen Egunean, urriaren 12an, ehunka gazte bildu dira Ernai gazte antolakundeak Ezer ez ospatzeko lelopean antolatutako manifestazioan, "bestelako Euskal Herri bat" aldarrikatzeko.

Ernai gazte antolakundeak mobilizazioak deitu ditu urriaren 12an Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta baita hainbat eskualdetan ere. Gasteizko manifestazioa 13:30ean abiatu da Andre Maria Zuriaren plazatik. Bertan, independentziaren aldarria kalera atera dute, "ukazioan, inposizioan eta injustizietan oinarritutako Espainiako 78ko Erregimenak ordezkatzen duen proiektuaren aurrean".

Gazte erakunde independentistaren ustez, "jaiegun arrotz honetan ospatzeko ezer ez dago", eta, horregatik, "bestelako Euskal Herri bat, euskalduna, sozialista, feminista eta antifaxista" eraikitzeko beharra plazaratu dute.

Espainiako Inperioak duela 529 urte abiatu zuen Hego Ameriketako "etnizidioa", eta gaur egun Espainiako Estatuak, "ukazioaz eta inposizioaz harro", hori ospatzen jarraitzen duela salatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago