ZIUn ingresatu dute Kanpokale Berriko liskar batean larri zauritutako gazte bat

Erredakzioa 2021ko urr. 11a, 11:00
Azkenaldian, liskarrak ohikoak bihurtu dira Kanpokale Berrian. / WIKIPEDIA (Unai Gasteiz)

Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen larunbatean, Gasteizko Kanpokale Berria kaleko taberna batean beste gazte bati eraso egiteagatik. Biktimak Santiago ospitaleko ZIUn jarraitzen du, pronostiko larriarekin.

Larunbat goizaldean, 3:30ak aldera, gizon batek ukabilkada bat eman zion beste gizonezko bati, Kanpokale Berria kaleko ostalaritza establezimendu batean; ustez, nahigabeko bultzada baten ondorioz. Biktima lurrera erori zen, eta, buruan kolpe bat hartuta eta sudurretik odola zeriola, konorterik gabe gelditu zen. Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ustezko erasotzaile gisa, lesio delitu bat leporatuta.

Biktimaren egoera fisiko larria egiaztatu ostean, larrialdi zerbitzuek Santiago ospitalera eraman zuten biktima, larri zaurituta, garezurreko haustura batzuekin. Zaintza Intentsiboko Unitatean (ZIU) jarraitzen du erasotuak, pronostiko larriarekin.

Lakuako ertzain-etxean beharrezko eginbideak amaitu ondoren, ustezko erasotzailea epailearen aurrera eraman zuten igandean; karguekin aske geratu zen. Oraingoz, ez da kasuari buruzko informazio gehiagorik ezagutu.

Kanpokale Berria, "kontroletik kanpo"

Azkenaldian, Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak malgutzen hasi zirenetik, egoera zaila bizi du Gasteizko Alde Zaharrean kokatutako Kanpokale Berriak. Izan ere, azken hilabeteetako asteburuetan, ohikoak bihurtu dira gazte multzoen pilaketak, zarata eta liskarrak —oro har gazteen artean, baina baita bizilagunekin edota anbulantzietako langileekin ere—.

Hainbat hedabideren arabera, zonaldea "kontroletik kanpo" dagoela ohartarazi du Udaltzaingoak, azken asteetan poliziaren presentzia eta kontrola areagotu dituen arren. Kaleko bizilagunen kexak eta protestak ere zabaldu dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide