Gasteizera iritsi da Nestor Basterretxea erakusketa. Gaurtik aurrera eta abenduaren 8ra arte, Posta kaleko Vital Fundazioa erakusketa zentroan ikusi ahal izango da XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal eskulturaren berritzaile nagusienetako bat izandako Nestor Basterretxea (1924-2014) artistaren sormen unibertsoa.
Orain arte inoiz ez bezala, gainera: erakusketa bere lan polifazetiko eta emankorraren errepaso zabala da, sei hamarkada baino gehiagoko berrikuspena, 300 lanez osatutako lagin zabal batean laburbilduta; horietako asko inoiz argitaratu gabeak. Horrela, Vital Fundazioak, artistaren seme Gorka Basterretxea komisarioarekin batera, artistaren unibertso sortzailea hurbildu nahi dio publikoari.
Erakusketak artistaren sortze-prozesuaren bi alderdi bereizgarriri erreparatu die. Lehenik eta behin, marrazkia, bere sormen jarduera guztiak zeharkatzen eta bateratzen dituen elementu gisa; izan ere, arkatza, errotuladorea eta papera bere obra askoren hasiera izan ziren. Bigarrenik, bertsioak —berak izendatuta—: marrazki bat eskultura, bolumetria, kartel, arkitektura, collage edo fotokonposizio bihurtzeko birziklatze edo birmoldatze segidak; baita artistak bere obrari buruz egiten zuen etengabeko berrikustea ere.
"Artelan batek bere diziplina gainditu eta beste askorekin nola lotu daitekeen azaltzen digute bertsioek", azpimarratu dute aurkezpenean, Basterretxearen lanaren oinarria definituz. "70eko hamarkadaren hasierako eskultura bat collage edo proiektu arkitektoniko bihur daiteke 30 urte geroago".
60 urte, hiru gune
Erakusketa hiru guneko ibilbide bat da, 60 urte baino gehiagoko obra berrikusteko. Figuratibotik abstrakturako bidaia, planotik espaziora eta imajinatutik sakratura. Eta artistaren askotariko diziplinak jorratzen ditu: pinturan hasi zenetik, eskulturan sartu arte; baina zinemagintza, diseinu industriala, grafikoa, altzarien diseinua, arkitektura, hirigintza, argazkigintza, kartelgintza edo idazketa ahaztu gabe.
Sakratua
Ibilbideari Sakratuaren inguruan bildutako obrek hasiera emango diote. Bertan topatuko ditugu, besteak beste, 1950ean Buenos Airesen margotutako Gurutze-bidea sailaren hamalau lanetatik hiru; Arantzazuko Basilikako kripta berrirako 1952an egindako eskultura-proiektu eta pinturen zirriborroak; Euskal segida kosmogonikoaren (1972-1975) bost eskultura; Ilargi-amonaren maskarak (1977), marrazkietatik abiatutako zurezko ore trinkoa; disko formako hilarriak; edota Lasarteko elizarako gurtzako objektuak.
"Esparru plastikotik, artistikotik, sakratua askatasun hutsa da, irudimen hutsa. Absolutuaren posibilitatea da, eta hori sorkuntzarako oso eremu egokia da", esaten zuen Basterretxeak berak.
Figuratibotik abstraktura
Bere formazio aldian zehar egindako lanek osatuko dute erakusketaren bigarren blokea, Figuratibotik abstraktura. Bertan, marrazkietan, pinturan eta muralismoan egindako ibilbidea ikusi ahal izango da. Diziplina horietako teknikak txikitatik oso ondo menderatzen zituen Basterretxeak; atal honetan, bere lehen saiakerak ikusi ahal izango dira. Horrekin batera, figuratibismotik, gaur egun Basterretxeari egozten zaion estilo abstraktura igarotea irudikatzen du bloke honek.
Planotik espaziora
"Pinturatik eskulturara pasatzen da, lerroak planoan duen zeregina ulertzeko eragatik. Une batean konturatu nintzen kurbaren arabera eta bihurgunearen bortxaren arabera egiten nuen lerro horrek planoa hausteko ahalmena zuela", zioen artistak. "Eta orduan konturatu nintzen hor hirugarren dimentsio bat zegoela. Eta burdinazko xafla bat hartu eta nire irudimenean gertatzen ari zela sentitzen nuena fisikoki egin nuen".
Horrela sartu zen Basterretxea eskulturaren munduan, eta horren bueltan antolatu da erakusketaren hirugarren blokea: forma diskoidalak, herri eskultura garaikidea, kolonaurreko kulturei buruzko Lehen Amerikari omenaldia eskultura polikromatuak, arkitektura proiektu "utopikoen" —bolumetriak, artistarentzat— hautaketa bat, collage teknikaren bidez egindako fotomuntaketak, argazkigintza esperimentala, diseinu industrialeko lanak, edota kultura, gizarte edo politika kausa askori buruzko kartelak eta lan grafikoak.
Artista bat, hamaika aurpegi
Pinturan modu autodidaktan hasi baino lehen, publizitateko marrazkilari gisa ekin zion Nestor Basterretxeak bere sormen lanari. Ondoren, Jorge Oteizarekin batera, eskulturaren alorrean hasi zen 1950eko hamarkadaren amaieran. Equipo 57ko kide sortzailea izan zen, eta Bartzelonako Equipo Formarekin lankidetzan aritu zen. 1966an, beste artista batzuekin batera Gaur abangoardiako euskal taldea sortu zuen.
Garai hartan hasi zen zinemagintzan lanean ere: besteak beste, Pelotari (1964) eta Alquézar (1966) film laburrak eta Ama Lur (1968) film luzea egin zituen.
80ko hamarkadan, eskultura publikoaren alorrean lan handia egin zuen, eta horren adibideak ikus daitezke Euskal Herriko herri askotan, baita Espainiako, Estatu Batuetako, Argentinako edo Txileko hainbat hiritan ere.