Abiadura Handiko Trenaren obrek Lapuebla eta Billa Okako ur horniduran eragina izan dezaketela agerian utzi du argitaratu berri den Ingurumeneko Inpaktuaren Adierazpenak. Txosten horrek ontzat eman du Pancorbo eta Gasteiz arteko tartean AHT linearen bigarren aukera, baina, era berean, ia ibilbide osoak etorkizuneko hornikuntzetarako eremu babestua zeharkatzen duela jaso du.
Are gehiago, dokumentuak onartu du akuifero hori Argantzon hornitzeko ustiatzen dela, baina, Argantzongo Udalaren ustez, ondorioei aurre egiteko azaltzen diren neurriak ez dira nahikoak: "Jarraipen hidroekologikoa egingo da, hurbilen dauden Lapuebla eta Billa Ocako hornidurei kalterik ez egiteko", dio txostenak; horrekin batera, onartzen du zenbait ur-puntu identifikatu beharko direla, eta, trazadura hurbil dagoenean, suntsitu egingo direla.
Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrorentzat, ondorioak "erabat onartezinak" dira. Gainera, gogorarazi du 2018an Udalak hainbat alegazio aurkeztu zituela, obra horrek inguruko ur eta akuiferoetan "eragin larriak" izango zituela salatuz. "Ez dugu ulertzen nola onartzen diren afekzio larri horiek, eta nola ez den neurririk hartzen horiek arintzeko. Ez dugu onartuko jarraipen hutsa egitea, gure udalerrian ur hornidura arriskuan egonda", ohartarazi du.
Ministerioa, "entzungor"
Argantzonek 2018ko otsailaren 7an aurkeztutako alegazioen arabera, proiektuak berak ohartarazi zuen, besteak beste, aurreikusitako 2,7 kilometroko tunelak "inpaktu larria" izango zuela eta "kritikoa" izatera irits zitekeela; orduan, hartuneetako inpaktu "konponezinaz" hitz egiten zen, inguruko ur-puntuen inbentarioa eguneratzea gomendatuz. Izan ere, esku-hartzeak uretan duen eragina mendigune osora zabaltzen da, eta bost erreka zeharkatzen ditu.
Horren guztiaren aurrean, irtenbideak eskatu zituen Argantzongo Udalak, baina Trantsizio Ekologikoko Ministerioak "beste alde batera begiratu" duela salatu du orain. "Argi berdea eman dio gure udalerriari ondorio larriak ekarriko dizkion proiektu guztiz jasanezinari", kritikatu du alkateak.