Duela hamar urte abian jarritako euskara planari jarraipena emateko, herriko 132 denda, ostalaritza establezimendu, enpresa txiki eta elkarte identifikatu ditu Laudioko Udalak euskararen mapa batean. Horrela, herritarrek euskaraz harremanak izan ditzaketen espazioak identifikatu eta eskura izango dituzte.
Mapak hiru kolore edo kategoria hartu ditu aintzat, establezimendu bakoitzaren euskara maila identifikatzeko:
- Puntu urdinak: %100 euskaldunak diren establezimenduak; hau da, langile guztiek euskaraz komunikatzeko aukera dute.
- Puntu laranjak: %50 euskaldunak diren espazioak; hots, langile batzuk euskaraz komunikatzen dira, baina beste batzuk ez.
- Puntu zuriak: euskararekiko konpromisoa hartu dute, nahiz eta euskara hutsez komunikatzeko zailtasunak izan.
Herriko etxe guztietara postontziratutako eta udal guneetan eskuragarri izango den maparen atzealdean, euskaraz komunikatzeko aukera izango duten pertsonen argazkiak ageri dira.