Bularreko minbiziaren aurkako lasterketa Gasteizera itzuliko da urriaren 17an

Erredakzioa 2021ko urr. 5a, 13:00

Arantxa Ibañez de Opacua, Marisol Diaz de Cerio eta Livia Lopez. / VITAL FUNDAZIOA

Urriaren 17an, Cervantes pasealekutik irtengo da ASAMMAk eta Vital Fundazioak antolatutako Bularreko Minbiziaren aurkako II. Elkartasun Lasterketa. Gaixotasunari buruz kontzientziatzea eta ikerketa sustatzeko dirua biltzeko helburua du.

2020ko etenaldi pandemikoaren ostean, hurrengo asteko igandean, urriaren 17an, 3.000 lagunek bost kilometroko ibilbidea egingo dute Gasteizko erdiguneko kaleetan zehar, bularreko minbiziaren aurkako lasterketa solidarioaren bigarren edizioan. Lasterkari kopurua mugatu bada ere, parte hartu nahi duen jende guztiarentzat dago zabalik hitzordua.

Irabazi-asmorik gabeko ASAMMA elkarteak (Bularreko eta Ginekologiako Minbizia duten Emakumeen Arabako Elkarteak) eta Vital Fundazioak Gasteizko Udalaren babesarekinelkarlanean antolatutako egitasmoaren helburu nagusia gaixotasunari buruz kontzientziatzea eta normalizatzea da, baita ikerketari ekonomikoki laguntzea ere. Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Marisol Diaz de Cerio ASAMMAko presidenteak eta Livia Lopez Gasteizko Udaleko Osasun eta Kirol zinegotziak aurkeztu dute aurtengo edizioa.

Ibilbide zirkularra 10:00etan abiatuko da Cervantes pasealekutik, eta bost kilometroak ordubeteko epean osatu beharko dira, oinez, korrika edo bakoitzak nahi duen bezala. Gainera, edoizeinek parte har dezake: gizonek, emakumeek, haurrek, helduek, zaharrek...

Izen-emateak www.asammavitoria.org webgunean egin daitezke, baita elkartearen egoitzan bertan ere (Vicente Abreu kaleko 7. zenbakian), 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Parte hartzeko prezioa zortzi eurokoa da, eta bildutako dirua gaixotasun horren aurkako ikerketari laguntzeko erabiliko da.

"Lasterketa batean bezala, gure gaixotasunak gorabeherak ditu, une batzuetan indartsuago sentitzen zara eta beste batzuetan lasterketa utzi nahi duzu. Elkarrekin korrika eginez gero, helmugara askoz indar handiagoz iritsiko garela erakutsi nahi dugu", azaldu dute antolatzaileek. "Bularreko minbizia duten emakume askoren lasterketak hainbeste oztopo ez izatea eta babes handiagoa senti dezatela lortuko dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago