Koronabirusa

Lehen alarma egoerako isunak ofizioz itzuliko ditu Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2021ko urr. 5a, 12:30

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak Gasteizen, alarma egoera garaian. / IREKIA

Pertsonen zirkulazio askatasunari ezarritako muga ez betetzeagatik lehen alarma egoeran jarritako 2.312 isun bertan behera utziko ditu Gasteizko Udalak; guztira, milioi bat euro baino gehiago kobratzeari utziko dio.

Datozen egunetan, Gasteizko Udalak pandemia garaiko lehen alarma egoerako arauak urratzeagatik jarritako isunen zenbatekoa itzultzeko prozedurari ekingo dio. Gainera, ofizioz egingo du, hau da, interesdunek eskabidea egiteko beharrik gabe.

Alarma egoera hartan, 463/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluaren 1., 3. eta 5. atalen arabera, pertsonen zirkulazio askatasunari mugak jarri zitzaizkion. Orain, araua ez betetzeagatik partikularrei jarritako 974 zigorren zenbatekoak itzuliko ditu Udalak; guztira, 337.701,10 euro. Horrez gain, errekurritu gabeko beste 1.338 salaketaren kobrantza ere geldiarazi egingo da; guztira, 789.482,10 euro.

Izan ere, uztailaren 14an, errege dekretu hura Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Prozedura zigortzaile irmoekin —isuna ordainduta zuten partikularren kasuan— nola jokatu, ordea, ez zuen argitu; ezta ebazpen zigortzailea garaiz eta behar bezala errekurritu ez zutenen kasuan ere.

Orain, Gasteizko Udalaren txosten juridiko batek argitu du gerora Konstituzioaren kontrakotzat jotzen den lege bat aplikatuz ezarritako zigortze-egintza irmoak baliogabetu daitezkeela, eta administrazioak, zigorren zenbatekoa kobratu badu, hori partikularrei itzuli beharra daukala. Hortaz, isunak baliogabetu eta itzultzea erabaki du Udalak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago